Zubillaga hitza nahiz armarria landuta dituen harria bistaratu dute gaur arratsaldean, Oñatiko Zubillaga auzoan, festa giroan. Auzotarrak bidegorrian jarri dira ekitaldia ikusi nahiz bistaratzea bertatik bertara ikusteko. Herriko trikitilarien musikarekin hasi dute ospakizuna, eta ondoren, Aitor Tatiegi bertsolariak harriari buruzko bi bertso bota ditu. Zubillagako auzo-alkate Iker Loitik eman ditu harriari nahiz bilaketari buruzko xehetasunak. "Ekainean, Oñatiko Udalak jaso zuen dei bat Nafarroatik, Zizur Nagusi ondoko herri batetik, esanez, pabiloi batean agertu zela Oñatiko Zubillaga auzoko armarria zeraman harri bat. Aurkitu zuen enpresa eraikitzaileak Interneten begiratu eta bi Zubillaga topatu zituen: Oñatikoa eta Arabakoa, baina armarria auzokoa zen".
Hortik hariari tiraka hasi ziren, eta hara joan ziren ikustera ea armarria euren auzokoa zen ikustera. Pasa den zapatuan auzolanean egin zuten 2x2ko oinarri bat 50 zentimetroko sakontasunarekin. Hormigoia jarri diote behean. Eguenean, ekarri zuten "kamioi berezi" batean bi auzokidek.
Bi hipotesi
Auzotarrak harriaren jatorria jakin nahian, ikerketa lanetan ibili dira, eta bi hipotesi dituztela azaldu du Loitik. Auzoko nagusienei, bertan jaiotakoei galdetu diete ea horren berri bazuten; baita Zubillaga auzoari buruz liburua idatzi zuten auzotarrei ere, baina ez zeukanen inongo konstantziarik.
"Orduan, udaletxearen bitartez, hipotesi bat da bere garaian Altuna enpresak eskulanerako jendea behar zuela eta hemen Gure Ametsa blokea egitera kanpoko enpresa bat etorri zela. Itxura denez, Zubillaga zeukan izena enpresa hark. Esan behar da enpresa hark harrizko lantzeak egiten zituela. Orduan, uste da enpresak harria ikusi, gustatu eta Nafarroara eman zutela", dio Zubillagako auzo-alkateak. Bigarren hipotesia da Loitik azaldu duenez, Zubillaga enpresa Zubillaga auzoan ibili zenez lanak egiten eta berak ere abizen bera zuenez, armarria gustatu eta berak Nafarroan landu zuela.
Ez dute egiaztatu hipotesietako bat ere, baina aurreratu du auzoan badagoela jakinmina jatorria ezagutzeko eta horretarako lanean jarraituko dutela.
Loitik eskerrak eman nahi izan dizkio Oñatiko Udalari dohaintzaren izapideekin lagundu eta haien kargu egin delako.