Zubillaga hitza eta armarri bat landuta dituen harri puska bat topatu zutela esanez deia jaso zuten Udalean Zizurtik (Nafarroa) uda aurretik, eta Zubillaga auzoko batzordearekin jarri zen harremanetan hura. Harritu egin zituen dei bitxiak auzotarrak, harria auzora ekartzeraino beste. Aste barruan egin dute hori, garraio berezietako kamioi batean, eta zapatuan bistaratuko eta inauguratuko dute. Harriaren nondik norakoak ikertzen jarraitzen dute oraindik auzotarrek.
Abizena eta armarria
Negozioa itxi zuen enpresa bateko erakin batean aurkitu du lokalen jabe berriak, Pedro Ciak, harria. Izena eta armarria ikusi, Interneten begira hasi eta konturatu zen Oñatikoa izan zitekeela. "Horrela deitu zuen Udalera. Auzoetako udal teknikaria, Aitor Gerenabarrena, jarri zen kontaktuan gurekin, eta sorpresaz hartu genuen albistea. Ez genuen harri horren berri, eta istorioa bitxia iruditu zitzaigun. Ciarekin egin genuen berba eta dohaintzat auzoari emateko prest zegoela esan zigun. Auzoarendako opari polita iruditu zitzaigun, eta ekartzea pentsatu genuen", adierazi du Zubillagako auzo-alkateak, Iker Loitik.
Harria auzora ekartzeko eginbeharrak kudeatu bitartean, harriaren nondik norakoak ikertzen ibili dira zubillagarrak, jakin-minez. "Oraindik ez dakigu arrazoia. Antza, itxi zen enpresa horrek harginen lanak egiten zituen, eta Zubillaga abizena zuen jabeak; litekeena da hark landutakoa izatea. Ez dakiguna da, ordea, nola edo noiz iritsi zen pertsona hura Zubillagara eta auzoko armarria ikusi. Izan ere, garbi dago auzoarena dela landuta dagoen armarri hori; horrelakoxe armarria dugu, esaterako, elkarte gastronomikoan, basurde eta guzti", gaineratu du Loitik.
Mendi martxa goizean
Joan den zapatuan egin zuten harria jartzeko zuloa, auzolanean, eskola aurreko zelaitxoan. Hantxe egongo da aurrerantzean. Bihar, zapatua, baina, ekitaldi txiki bat egingo dute, harria bistaratu eta inauguratzeko, Zubillaga Ereitten auzo batzordeak eta jai batzordeak antolatuta. 18:00etan izango da ekitaldia, musikariek eta bertsolariek lagunduta. Aurretik, puzgarria egongo da umeendako, eta 09:00etan hamabost kilometroko mendi martxa egingo dute, auzoko jaietan eguraldi txarragatik atzeratu zutena. 200 lagunek egingo dute.