Defentsan ondo jokatzen hasi dira Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeko jokalariak, Ereintza Breisser taldearen aurka izan duten partiduan. Lehen hamabost minututan, etxekoak 7-3 gailendu dira, eta lehenengo zatia markagailuan 14-8 jartzen zuela amaitu dute.
Bigarren zatian defentsan mailaz jaitsi dute apur bat; 45. minutuan, esaterako, 22-14 zihoazen, eta azkenean, 27-21eko emaitzarekin bukatu dute partidua. Beraz, etxekoak, denbora guztian joan dira partiduan aurretik, baina bukaerarako bi taldeen arteko aldea, ez da hain nabarmena izan. Halaxe kontatu du oñatiar nesken entrenatzaile Iñaki Zabartek: "Defentsan ondo ibilita bukatu dugu lehenengo zatia, baina, bigarrenean, defentsan mailaz jaitsi dugu apur bat. Nire errua izan da, jokalari denek joka zezaten". Izan ere, gaineratu du guztiek parte hartzeko ahalegina egiten duela: "Aurreko denboraldian ere bizpahiru partidu izan ziren jokalari bakarra gelditu zela jokatu gabe eta nik uste dut garrantzitsua dela denok lehiatzen jakitea. Aurreko denboraldian ikasi genuen, bloke beretsua izaten jarraitzen dugu jokalari berri pare batekin, eta ea aurten helburu polita lortzen dugun".
Helburu bezala, igoera dute. Momentuz, datorren asteburuan Lezon lehiatuko dira eta "indartsu" daudela gaineratu dute.