Urteroko legez bertso saioa egin zuen atzo Txinparta bertso eskolak. Puntako sei bertsolari izan ziren oholtza gainean: Maider Arregi eta Aitor Tatiegi oñatiarrak, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi. Herritarrek fin erantzun zuten beste urte batez, eta jende ugari bertaratu frontoira. Guztira, 250 pertsona inguru izan ziren bertso saioa ikusten.
Oñatiko gaiak nagusi
Txinpartako kide den Aritz Izak gidatu zuen saioa, eta askotariko gaiak jarri zituen saioan zehar, gehienak umoretsuak. Musika talde bereko bateria-jolea eta abeslaria izan ziren, adibidez, Egaña eta Mendiluze, jendea barrez lehertu zuen bertsoaldi batean. Gai serioagoak ere jorratu ziren, esaterako, Ukrainako gobernaren eraginez Euskal Herrira etorri gabe gelditu diren Txernobylgo gazteen kasua.
Hala ere, Oñatiko gaiak nagusitu ziren saioan zehar. Herriko berakatz zopa txapelketan hartu zuten parte Mendiluzek eta Arzallusek. Azken honek txosnetako film laburren txapelketan parte hartzeko herriko mafiak identifikatu zituen Illarregirekin batera, eta Tatiegik San Martingo bola joko txapelketan hartu zuen parte. Arregi, Illarregi eta Arzallus berriz, herri eguneko festa giroan botea galdu duen lagun taldea izan ziren. Hala ere, aspektu honetan bereziki aipagarria da bi oñatiarrek diaspora egunaren inguruan puntu erantzunetan osatutako ariketa.
Bertsoek etenik ez
Jaietako lehen bertso saioa burutu arren, beste bertso saio bat ere izango da, balkoitik balkoirako saioa. Urriaren 6an izango da hau, 20:30ean. Maialen Lujanbio eta Urko Arregi oñatiarra izango dira kantuan, Kale Zaharreko balkoi banatan.
Txapelketari begira
Ez da kasualitatea aurtengo bertso saioan bi oñatiarrek kantatu izana. Martxan dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenak, eta Tatiegik eta Arregik urriaren 5ean, herri egunaren data berean, jokatuko dute beraien kanporaketa, 17:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.