Josune Arakistain: "Urtebetean asko aldatu zaizkit gauzak"

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 27a, 14:39

Josune Arakistain musikari lasturtarra. Argazkia: Jon Olarte.

Süne proiektuan murgilduta dago Josune Arakistan musikaria; oholtzan lehen kontzertuak ematen hasi da taldea, eta Oñatin izango dira San Migel Egunean.

Huntza taldearekin ibilbide arrakastatsua izan ostean, Süne proiektuan murgilduta dago Josune Arakistain (Lastur, 1996) musikaria. Irailaren 29an, San Migel Egunean, Oñatiko jaietan izango da kontzertua jotzen, 23:00etan, plazan.

Bigarren urtez jarraian izango zara Oñatiko jaietan; pozik aukerarekin?

Bai, plazera da bi aldiz jarraian izatea. Batez ere, orain Süne proiektuarekin deitu izanak poztu nau. Oraindik diskorik izan gabe eta horren kantu gutxi argitaratuta, hala eta guztiz ere herriko jaietan jotzeko deitu izana plazer hutsa da, konfiantza puntu bat ematen diotelako Süneri, eta ezer jakin gabe nire kontzertu bat bertan ematea asko eskertzen da.

Jarraian bai, baina testuinguru oso ezberdinetan; urtebetean asko aldatu da zure bizitza?

Bai, guztiz aldatu da. Gainera, horren hilabete gutxitan gertatu da guztia... Bagenekien Huntzaren amaiera hor zegoela, eta azken bira hura, Oñatin izan genuen kontzertua tarteko, aurrera zihoala jakitun ginen, azken kontzertura heldu arte. Hala ere, orain berriro bertara itzultzea, baina beste kontestu batean, mentalki ere landu dudan zerbait da. Aldaketak, azken finean, bizitzaren parte dira, dena aldatzen da, eta kasu honetan niri ere urtebetean asko aldatu zaizkit gauzak.

Zer espero dezakete oñatiarrek jaietako emanalditik?

Ba Süne... Ez dakit nola azaldu... Udan eman ditudan kontzertu gutxi horien jarraipena izango da, antzekoa. Trikitia eta elektronika nahasten dituen show bat. Posible da batzuei Huntza gogoraraztea, azken finean beti izango delako nire parte, eta segur aski kontzertuaren une batzuetan ikusleei talde hura etorriko zaie gogora. Hala ere, guztiz ezberdina den show bat dela esango nuke. Egia esan, ni ere pixka bat zain nago, oraindik oso kontzertu gutxi eman ditudalako. Gainera, joko ditudan kantuak disko berrikoak dira, eta jendeak oraindik ez ditu ezagutzen. Orduan, publikoarentzat dena berria izango da. Huntzarekin, egiten genuena errepikatu nahi izan dut, lehenengo kontzertuak jo, gure abestiak jo kontzertu horietan, eta horren ondoren diskoa atera.

2022an hasi zen Süne, baina orain gorpuztu da; zelakoa izan da Huntzatik Süne berrirako trantsizioa?

Esan duzun bezala, duela pare bat urte hasi nintzen Süne gisa kantuak ateratzen. Oraindik Huntza martxan zegoen eta ez genuen amaitzeko asmorik. Une hartan sormen aldetik abestiak egiteko ezinegon batzuk nituen, eta horrela hasi zen guztia. Niretzat Huntzan kokatu ezin nituen kantuak kokatzeko esparru bat zen. Azken urte hauetan mentalki, sorkuntza aldetik, Süne mood-ean egon naiz gehiago. Aurrez gertatutako aldaketa bat izanik, egia esan, oraingo aldaketa ez da oso bortitza izan. Azken bira honetan bai nabaritu da gehiago aldaketa, kantak sortzeaz gain oholtza beste musikari batzuekin partekatzen dudalako, bertan egoteko modu ezberdin bat delako. Huntzarekin horrenbeste urte egon naiz oholtza gainean, bat-batean dena aldatu da. Hor nabaritu dut aldaketa handiena.

Harrera ona du trikitiaren eta musika elektronikoaren fusioak?

Uste dut harrera ona izan duela. Egia esan, trikitia eta elektronika uztartzea ez da gaur egungo zerbait, nik ez dut ezer asmatu, hor daude Gose, Koban eta halako taldeak, adibidez. Nik niretik egin dut, nire sortzeko modutik, eta, egia esan, oso gustura nago emaitzarekin. Esango nuke musika mota nahiko aktuala dela. Ez dakit, ez zait gustatzen katalogatzea.

Trikitiak beharrezko du bide berriak aurkitzea?

Esaten den bezala, aldatzen eta moldatzen ez dena desagertu egiten da. Nik horrela pentsatu izan dut beti, eta hala jarraituko dut pentsatzen. Hala ere, oso garrantzitsua iruditzen zait sustraiak mantentzea. Ni, kasu honetan, trikitia elektronikarekin nahasten ari naiz, nire bidea egiten, baina nire helburua ez da trikitia eraldatzea, ezta trikitiari bide berriak irekitzea. Orain, ateratzen zaidan modura, gustatzen zaidan modura, sortzen ari naiz. Egiten ari naizena besteko garrantzitsua da Aristerrazuko plaza bat. Trikitiak bizirik iraun ahal izateko ahalik eta alor gehienak zaindu behar dira.

Lau korapilo izeneko kantuan emakumeek oholtzan izan duten hazkundea jorratu duzu; zenbatekoa izan da hazkundea?

Beno, nik trikitiaren mundua jorratuko dut. Ni txapelketetan hasi nintzen garaian baziren emakumeak trikitia jotzen, baina ez dakit, beti izan dudan sentsazioa da emakumeak egon arren oholtzarako pausua ematen zutenak, talde bat sortu eta plazaz plaza zebiltzanak, gehienak gizonezkoak zirela. Egia da orain egoera aldatu egin dela, eta askoz emakume gehiago gabiltza plazetan, baina oraindik berdintasunera iristeko asko falta da. Trikitiko irakaslea naiz, eta ikasleen %95 inguru emakumezkoak dira. Hori oraindik ez da oholtzetan islatzen, ez dakit zergatik. Trikitilarien %95a emakumeak baldin badira, gero oholtzetan hori islatu egin beharko litzateke, eta ez da horrela. Lan asko dago oraindik egiteko.

Aurrerapen ezberdinak argitaratzen joan zara; diskoa bidean dago?

Bai. Esango nuke udazkenerako prest egongo dela. Durangoko azokarako seguru, baina esango nuke zerbait lehenago irtengo dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak