Afrika Bibang: "Beste estilo batzuk asko lantzen dira, baina soula ez"

Gontzal Belategi Zubia 2024ko urr. 1a, 10:00

Afrika Bibang musikari bizkaitarra. Argazkia: Promomusika

Urriaren 6an, Errosaixo Egunean, Atzeko kalen emango du kontzertua afrika bibangek, euskarazko soul musikaren aitzindariak, 19:30ean hasita.

Musika ibilbide oparoa izan du Afrika Bibang (Algorta, 1975) abeslariak. Euskarazko soul musikaren aitzindarietako bat da, beste hainbat musika estilo egiten ere ibili den arren.

Gogotsu zaude Oñatin jotzeko?

Bai, noski, gogotsu nago, baina onartu behar dut lan asko dudala eta nekatuta ere banagoela. Ez dakit gorputza zelan izango dudan, baina emanaldi guztiak hartzen ditut gogo handiz.

Euskarazko soula egiten duten hainbat proiektu daude, baina zeu zara aitzindarietako bat; horrek zama bat dakar berarekin?

Ez naiz ausartzen besteengan eragina izan dudala esaten. Beste proiektu batzuetako jendea ezagutzen dut, eta soula asko gustatzen zaion jendea da. Baliteke nire taldea ikustean norbait talde berri bat egitera animatu izana, baina ez dut uste. Hori horrela izan dela esatea askotxo iruditzen zait.

Soulak badu lekurik punk-rockez betetako eszena musikal batean?

Esango nuke soulak ez duela oso harrera onik izaten. Bueno, akaso, kontua ez da ez duela harrera onik izaten, baizik eta ez duela lekurik. Jendeak rocka eta estilokoak entzuten ditu. Beste estilo batzuk asko lantzen dira, baina soula ez. Nire kontzertuetara datorren jendeari asko gustatzen zaio; beraz, ohitura falta izango da. Geroz eta gehiago jotzen badugu eta talde gehiago agertzen badira, normalago bilakatuko da, baina, momentuz, ez da oso ezaguna.

Zeu ere punka egindakoa zara.

Etsaiak taldearen garaia nire bizitzako egun onenak izan ziren. Oso ondo pasatu nuen eta jende oso interesgarria ezagutu nuen. Familia bat ginen. Gainera, niri oraindik ere punka asko gustatzen zait. Punka baldin bazara, punka izaten jarraitzen duzu bizitza osoan. Oroitzapen oso politak ditut, ezin hobeto pasatu nuen urte haietan guztietan.

"Euskarazko ingurugiro batean sartzen hasi nintzen eta hizkuntza ikasteko grina piztu zitzaidan"

Soula, punka, reggaea, flamenko fusioa, dance eta elektronika; bada egiten ez duzun ezer?

[Barre] Musika klasikoa-edo faltako zait egiteko. Kontua da musika hori guztia musika beltza dela, eta niri musika hori gustatzen zait. Flamenko fusioak ere badu musika beltzetik. Estiloak probatzea eta esperimentatzea ikaragarri gustatzen zait. Ona baldin bada, beti pentsatzen dut: zergatik ez egin? Bidaiatzen ibilitakoa naiz, eta, kuriositate handiko pertsona naizenez, estilo ezberdinen inguruan ahalik eta gehien ikasten saiatzen naiz. Ikasketa hori nire ibilbidean eta nire bizitzan aplikatzen saiatzen naiz. Nolakoak dira estilo aldaketa horiek? Nire kasuan, oso naturala izan da beti. Niri txikitatik soula gustatu izan zait, eta hortik reggaera pasatu nintzen. Punka, berriz, bizitzak aukera aurrean jarri zidalako egin nuen. Aurrezpentsatu gabeko kontua izan zen, naturala. Bartzelonan nengoenean, flamenko fusio talde batean sartu nintzen, zuzendaria ezagutu nuelako eta proiektua interesgarria zelako. Konturatu gabe joan naiz estiloak aldatzen.

Nola pasa zinen A ereduan ikastetik euskaraz abestera?

Hori bai izan zen erronka handia. Euskarazko ingurugiro batean sartzen hasi nintzen eta hizkuntza ikasteko grina piztu zitzaidan. Hasieran gogorra izan zen, baina capricornus naiz, eta erronkak asko gustatzen zaizkit. Behin ikasita, musika ere euskaraz egiteko hautua egin nuen, euskaraz bizitzera pasatuta. Niretzat prozesu naturala izan zen. AEKn ikasi nuen, eta, hizkuntzetarako erraztasuna dudalako izango da, akaso, baina jolas bat bezala izan zen. Gero, Lekeitiora etorri nintzen bizitzera; hura bai izan zela zaila.

Aurrera begira baduzu proiekturik?

Kanta bat ateratzeko asmotan nabil, baina lanez lepo nago eta ez dakit noiz atera ahalko dudan. Asmoa urrian ateratzea da. Esperimentatzen jarraitu dut, eta, musika beltza den arren, inoiz egin ez dudan estilo bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak