Ez da bertsorik gabeko Oñatiko jairik, eta aurten ere doinu, neurri eta errimek badute beren lekua jaietako egitarauan. Ohiturari eutsiz, bi bertso saio ezberdin antolatu dituzte Txinparta Bertso Eskolako kideek.
Lehenengoa irailaren 27an izango da, 22:30ean hasita, Zubikoa kiroldegian. Formatu aldetik ohiko jaialdia izango dela azaldu du Mirari Sagarzazuk, Txinpartako kideak, "herri gehienetako jaietan egiten direnen antzerakoa". Puntako bertsolariak izango dira entzungai: Andoni Egaña, Maider Arregi, Amets Arzallus, Aitor Tatiegi, Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi. Aritz Iza, Txinpartako kidea, ibiliko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Txokolateixan eta www.oñati.eus atarian, 10 euroren truke; 12 urtetik beherakoek ez dute sarrera beharrik izango.
Bigarren saioa, balkoitik balkoirakoa, urterokoa den arren, "bereziagoa da, beste leku batzuetan ez da-eta askotan ikusten". Urriaren 6an izango da, 20:30ean. Maialen Lujanbio eta Urko Arregi izango dira kantuan, Kale Zaharreko balkoi banatan.
Hiru oñatiar kantuan
Aurten hiru oñatiar izango dira kantuan, bi saioetan banatuta: Maider Arregi, Aitor Tatiegi eta Urko Arregi. "Jendearen erreferente diren bertsolariak ekartzeaz gain, herrikoei lekua egiten saiatzen gara", dio Sagarzazuk. "Bertso eskolan deialdi irekia egiten dugu eta errotazio sistema bat dago, pertsona berdinak bi aldiz jarraian ez kantatzeko. Guretzat garrantzitsua da eskaintza hori egitea".
Hala ere, kantuan izango diren herrikideen kopurua hirura igotzeko beste arrazoi bat ere izan da: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. "Txapelketan kantatuko dutenez, kiroldegiko saioan Maider eta Aitor elkarrekin jartzea pentsatu genuen".
Bertsolaritza osasuntsu dago
Oñatin bertsolaritza egoera onean dago, Sagarzazuren ustez, eta horren erakusle dira jaietako bi saio horiek, Errege bezperakoa eta urtean zehar egiten diren bestelako saioak. "Esango nuke bertsoa osasuntsu dagoela, baina hori zaindu beharra dago. Horretarako dago bertso eskola".