Oñatiko jaiek askorako ematen dute, eta, parranda giroaz gain, hainbat kirol ikusi eta praktikatzeko aukera izango da.
Pilotazale berriak
Herriko pilota txapelketaz gain, San Migel pilota txapelketa jokatzen da jaien bueltan. Finala urriaren 6an izango da, Errosaixo Egunean, 17:00etan, Zubikoa pilotalekuan. Astean zehar jokatu dira finalerdiak, eta finala zehaztuta gelditu da: Helduan mailan iaz txapeldun izan zen Iñigo Erle oñatiarra eta Etxeberria, Rekalde eta Landaren aurka lehiatuko dira; gazte mailan berriz, Ramirez-Elorz bikotea Olaizola-Galarza bikotearen aurka lehiatuko da.
Ander Biain, Aloña Mendi pilota elkarteko kidea, pozik dago txapelketak orain arte emandakoarekin: "Orain arte partida onak ikusi dira txarrak baino gehiago". Jendearen harrerarekin ere pozik agertu da: "Jende aldetik oso gustura gaude, jende asko etorri delako orain arteko partidetara. Aurreko urtean orain bi urte baino jende gehiago etorri zen, eta aurten aurreko urtean baino gehiago. Oso balorazio positiboa egiten dugu". Bide horretatik, aurten, pilotalekura hurbiltzeko ohiturarik ez duten hainbat pertsona bertaratu direla azaldu du Biainek: "Aurten normalean frontoira etortzen ez den jendea etorri da, eta haietako gehienak finalera etorriko direlakoan nago. Jende dezente espero dugu".
Bada eskubaloirako grinarik
Eskubaloian ere bada San Migel txapelketa, eta aurten, 45. edizioan, Soraluze BKE izango dute aurrean Aloña Mendikoek. Zubikoa kiroldegian izango dira partiduak: lehena, senior mailako neskena, 16:00etan; eta bigarrena, senior mailako mutilena, 18:00etan. Iñaki Mendarozketak, eskubaloi saileko presidenteak, "denboraldi-aurrea prestatzeko aukera polita" izaten dela azaldu du, txapelketaren hurrengo astean hasten dutelako denboraldi berria.
Tradizio handiko txapelketa dela azaldu du Mendarozketak, eskubaloiko saila sortu zenetik ia urtero jokatu dena, "pandemiako urteak salbu". Tradizio horri jarraiki, jende ugari espero dutela adierazi du: "Jendea eskubaloia ikusteko grinarekin egoten da. Iaz pertsona ugari etorri ziren eta aurten ere jende asko espero dugu".
Bi jokodun bola-jokoa
Irailaren 22an, 15:30ean, San Martinen, herriko bola-joko txapelketa egingo da. Mikel Biainek, Kurtzebaltz elkarteko kideak, bi joko izaten direla azaldu du: subastakoa eta herriko txapelketa. Baten parte hartzen duenak bestean ere parte hartu ohi du, baina, "posible da arrazoi ezberdinengatik norbaitek bietan ez jolastea, adibidez, izen ematera berandu heldu delako". Subastako jokoarekin hasten da txapelketa, eta bertan "ikusleek jokalariaren maila neurtzeko aukera dute, eta diru eskaintzak egiten dira. Txapelketako momentu bereizgarrienetakoa izaten da hau".
Subastako jokoaren ostean ematen zaio hasiera herriko txapelketari. "Txapelketan pertsonako hiru tiraldi izaten dira normalean. Azkenean, txirlo gehien botatzen dituen pertsonak irabazten du". Giro oso ona egoten dela azpimarratu du Biainek, eta belaunaldi ezberdinak elkartzeko balio duela: "Niretzako garrantzitsuena belaunaldi ezberdinetako jendea horrelako giro ederrean ikustea da. Alde horretatik oso polita da".
Arkua probatzeko aukera
Urriaren 6an, 17:00etan, arku tiroketa erakustaldia izango da, San Martin zuhaiztian. Gorka Bikuñak, Txantxiku Arkulariakeko kideak, azaldu duenez, ekimen honen helburua arku tiraketa herritarrengana hurbiltzea da. Eguna erakustaldi txiki batekin hasten dute, bost minutu ingurukoa, "jendeari nola bota behar den erakusteko". Horren ostean, "jendeak probatzeko aukera izaten du". Arkuak eta geziak beraiek eramaten dituzte.
Halako ekintzekin jaietan ere kirola praktikatzeko aukera dagoela dio Bikuñak. Gainera, Txantxiku Arkulariakeko kideak dioenez, egunean zehar "giro polita sortzen da", eta "bukatzeko orduan jendeak ez du alde egin nahi izaten".
25 platereko txapelketa
Irailaren 29an, herriko plater tiroketa txapelketa egingo da, 11:00etan, Txopekua tiro-zelaian. 17:00etara arte luzatuko da txapelketa, bazkaltzeko atsedenaldi batekin, eta 20 euro ordaindu beharko da parte hartzeko. Pago Uso elkarteko kide Santi Caroren arabera, "Beste urte batzuetan 15 plateretara izan da, baina aurten 25 platerera izango da". Honen arrazoia, tiro-zelaian egin duten "automatizazio lan batzuek" modalitate hau praktikatzeko aukera ematen duela da.
2020tik hona jendearen parte hartzea jaitsi egin dela dio Carok, baina "20-30 pertsona artean" elkartu ohi dira urtero. Jendea animatzen du parte hartzera, baina kontutan izan behar da armak edukitzeko baimena eta Ehiza Federazioaren Lizentzia eramatea beharrezkoa dela. "Segurtasun kontuengatik eskatu behar dugu hau. Ezin dugu baimendu jendea agertu eta edozein modutan tiroka hastea, bertaratzen den jendeak jakintza bat duela bermatu behar izaten da".