Jaiak txantxikua jaitsi aurretik

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 20a, 13:36

63. Nazioarteko Artzain Txakur txapelketan parte hartu zuten lehiakideak.

Txantxikuaren jaitsierak eman ohi die hasiera Oñatiko jaiei. Hala ere, abiapuntu ofizial horren aurretik ere egitarau oparoa izango da, asteburu honetan bertan hasita.

Txantxikuaren jaitsierarekin hasten dira ofizialki Oñatiko jaiak, baina horren aurretik ere egitarau oparoa izango dute aurretik oñatiarrek. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa eta atsolorra dira, besteak beste, asteburu honetan egingo diren ekintzetako bi.

Artzain Txakur Txapelketa

Igande honetan, irailaren 22a, izango da Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa, 10:30ean, Santa Lutzian. Jaietako ohiko ekimenetako bat izaten da hori, tradizioz beteta dagoena. Aurtengoa lehiaketaren 64. edizioa izango da. "Ohiturari jarraituz urtero antolatzen dugun ekintzetako bat da hori. Oraindik mantentzeko gaitasuna dugu, eta aurrera egin behar da", dio Jose Mari Bengoa antolatzaileak.

Hamahiru dira osotara txapelaren bila joango diren parte-hartzaileak, guztiak lurralde askotariko txapeldunak eta bestela- ko txapelketetan eskuratutako postuen bidez sailkatutakoak. Hamahiru horietatik bederatzi dira Euskal Herrikoak: Jabier Zubiaurre, Jean Paul Iriken, Antton Aranburu, Jose Mari Jauregi, Antonio Austiza, Karlos Ardanza, Imanol Diaz, Aitor Tato eta 2023an txapeldun izan zen Fidel Alonso.

Gainontzeko laurak Herrialde Katalanetakoak dira: Moises Tarres, Jose Maria Pleguezuelos, Ismael Boix eta Aldrover-Adrover. Hala ere, Bengoak azaldu duenez, baliteke azken orduko beste parte-hartzaile bat ere izatea, Frantzia ordezkatuko duen norbaitekin harremanetan jarri dira eta: "Han beste txapelketa batzuk izaten dituzte, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso".

Aipatzekoa da aurten ez dela Oñatiko eta Debagoieneko parte hartzailerik izango txapelketan: "Oñatira etortzeko sailkatu egin beharra dago, eta gaur egun jende asko eta oso ona dago. Aurten oñatiarrok atzeraxeago geratu garela esan daiteke".

Publikoaren asistentziak behera egin duelakoan dago Bengoa, eta bertaratzen den jendea aldatu egin dela dio: "Gaur egun, erabat zalea den jendea etortzen da, edo etxean txakurrak dituztenak. Lehen ez zen horrela, eta jende gehiago etortzen zen". Datak ez duela laguntzen ere aipatu du antolatzaileak: "Hilabete honetan beste hainbat ekimen izaten dira herri guztietan. Beste data baten egingo balitz, seguruenez jende gehiago etorriko litzateke, baina ohitura data hauetan egitea da". Herriko jendeak duen interes faltaz ere mintzo da, penaz: "Herrikoek baino garrantzi handiagoa ematen diote kanpokoek".

Datez gain, eguraldi iragarpenak ere kezkatzen du Bengoa, asistentziari eragin ahalko diolakoan. Hala ere, jendea bertaratzera animatu nahi du, eguraldi euritsuak probei ikusgarritasuna eman ahal dielakoan: "Eguraldiak ez dio ezer kentzen ekitaldiari. Ardiak eta txakurrak berdin ibiliko dira, eguzki beroarekin baino hobeto. Lan gehiago egiteko beharra ere izango dute, akaso; ikusiko dugu".

Antolakuntza lanak ondo joan direla dio Bengoak, baina jende gutxi direla azpimarratu du: "Urtean zehar beti ibiltzen gara gutxi batzuk. Gero, txapelketarako hemengo hainbat elkartek laguntzen digute; eskerrak haiei". Antolakuntzan jende gehiagoren beharra dutela azaldu du, eta jendea animatu nahi izan du bertan laguntzera.

Atsolorra

Jaietan urtero egiten den beste ekimenetako bat atsolorra da. Ekitaldi horretan ongietorria egiten zaie jai batetik bestera jaio diren oñatiar gazteei. Aurtengo atsolorra irailaren 21ean izango da, 11:00etan, udaletxeko batzar areto nagusian. "Aurten 85-90 gonbidapen inguru bidali ditugu. Hala ere, gehiago izan daitezke, azken orduan jaiotako umeak ere gonbidatuta daudelako. Bi-hiru eguneko umeak ere etorri izan dira", dio Iñaki Olaldek, Oñatiko Udaleko Kultura zinegotziak.

Atsolorrean protagonismo berezia duen elementurik izatekotan, hori haur bakoitzak jasotzen duen zapia da. Hori da oñatiar berriei harrera egiteko modua. Hala ere, horren aurretik ekitaldi oso bat izaten da: "Familiak umeekin etortzen dira. Eskatzen duguna da bi senitarteko bakarrik etortzea; ume asko izaten dira, eta, bestela, guztiok kabitzeko lanak izaten dira. Alkateak ongietorri mezua ematen diete umeei, eta jarraian zapitxoa jartzen zaie. Amaitzeko, argazki-saio bat izaten dugu". Musika Eskolako kideek girotuko dute atsolorreko ekitaldia.

Momentu hunkigarria da atsolorra Olalderentzat, eta gurasoentzat ere une berezia da: "Egia da familiak eta gurasoak egun horren zain izaten direla, eta, gainera, asko eskertzen dute. Adibidez, aurten familia batek oporretara joateko asmoa zuen, eta galdezka ibili ziren ze egunetan izango zen, oporrak horren baitan antolatzeko. Denetik egoten da atsolorrean".

Aurreko urteko atsolorra.

Bestelako ekitaldiak

Lehen asteburuak askorako emango du Oñatin, eta beste hainbat ekintza ere izango dira: zapatuan, adibidez, 11:30ean erraldoien konpartsak kalez kale ibiliko dira; 18:00etan, berriz, haurren danborradari hasiera emango diote; eta 21:30ean, Correfog ikuskizuna eskainiko dute Gegants Bojos eta Diables de Sant Pere Nord taldeek, Zazpibidetako bidegurutzean. Domeka goizean aire libreko XX. margo lehiaketan parte hartzeko aukera izango da. Bestalde, asteburuan zehar hainbat kirol emanaldi ere izango dira ikusgai herrian: eskubaloia, bola-jokoa eta pilota.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak