Dirulaguntza eskatu diete Oñatiko parrokiako kideek herritarrei

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko ira. 13a, 14:57

Klaustroko eta sakristiako teilatuak konpondu dituzte, eta lan horiek ordaintzeko diru bilketa hasi du parrokiako batzordeak. Udaletik eta enpresetatik jaso du ekarpena, eta orain, herritarrengana jo du haien borondatea eskatzera.

Bukatzear dituzte San Migel parrokiako teilatua konpontzeko lanak, eta herritarren laguntza eskatu du parrokiako batzordeak obrak ordaintzeko: diru bilketa kanpaina abiarazi du.

Itsulapikoak parrokian

Oñatiko Ugarte Eraikuntzak enpresak egin ditu lanak, eta 285.000 eurokoa da aurrekontua. Oñatiko Udalak 35.000 euro eman ditu, 15.000 Onera Group kooperatibak, 5.000 euro Zelaia Fundazioak eta beste 5.000 euro eta aldamioak doan Ulma Fundazioak. Ekarpen horiei oso eskertuta, herritarrengana jo du orain parrokiako batzordeak, eta diru bilketa hasi. Eskuorriak banatu ditu etxez etxe horren berri emateko; eta dirulaguntza emateko moduak jakinarazi ditu: kontu korronte bidez transferentziak eginda, adibidez, edo ekarpena itsulapikoan sartuta. Meza orduetan bi itsulapiko egongo dira parrokian, ate ondoan, gura duenak hantxe sartzeko bere laguntza. Aurretik ere egin ditu horrelako eskaerak Elizak Oñatin, eta horiek izandako moduko erantzun ona izateko esperantza du parrokiako batzordeak. "Badakigu denborak aurrera doazela eta giroa ez dela beti berbera, baina beste biderik ez dugu. Ezin ditugu gauzak saldu, ondare direlako, eta denon artean bakoitzak bere ahalegina egiten badu, mantendu egingo dugu urte askoan eliza eder baina handi hau", azaldu du Horazio Argarate parrokoak, parrokiako batzorde ekonomikoko Jose Antonio Ugarte eta Kontxi Ugarte ondoan dituela. Gaineratu du Ogasunean desgrabatu egin ahal izango direla dirulaguntzak.

Itoginak izan dira arrazoia teilatuan obrak egiteko. Klaustrokoa konpondu dute, eta bi kaperetakoak egingo dituzte laster, sakristiakoarenak amaitutakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak