Bedita Larrakoetxea Udal Euskaltegiak Eltzian egingo du hastear dagoen ikasturtea. Aireztapen arazoak dituzte Bidebarrietako ohiko eraikinean, eta hori konpontzeko lanak egingo dituzte laster. Obrak noiz hasiko diren zehazteke dago oraindik, baina leku aldaketa orain egin dute, ikasturte berria toki egonkor batean egiteko.
Izkinako sarreratik sartuta
Udal Euskaltegiko zuzendari Ernesto Murgiondok dioenez, arautegiak dio ikasturte barruan ezin dela lekualdatzerik egin, eta HABEko baldintzetako bat da ikasturte osoa leku berean egitea. Horrela, udaberrian eta uda hasieran eraman zituzten gauza gehienak Bidebarrietako lokaletik Eltzian erabiliko dituzten geletara. Eltziako taberna erreferentzia-puntu hartuta, beste muturrean dagoen sarrera erabilita helduko dira ikasleak Udal Euskaltegira. Fatxadari begiratuta, kolore morea dagoen espazio horretan, bigarren pisuan, daude irakasle-gela eta eskolak emango dituzten beste hiru gelak.
Eskaintzan aldaketarik ez
Europako erreferentzia marko barruan dauden maila guztiak eskainiko dituzte ikasturte berrian ere, baina ez hori bakarrik. "Aurten ere Udalak jarraituko du bultzatzen zaintza eta ostalaritza zerbitzuetan dihardutenendako eskaintza. Horrez gain, HABEk ahalegin berezia egingo du A1 mailara datozen ikasleei begira, baita 16 eta 18 urte bitarteko gazteei begira ere. Adin hori aukeratzen dute gazte askok C1 mailako titulua ateratzeko", azaldu du Ernesto Murgiondok.
Udal Euskaltegian izena emateko epea hilaren 20ra arte dago zabalik eta herritarrak Eltziara bertara joanda jaso dezakete informazio gehiago edo izena eman: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30ak arte.
Eskolak datorren hilean hasiko dituzte, urriaren hasieran. Karpeta eta poltsa bana jasoko dute opari ikasleek.
Txipistin, beheko solairuan
Udal Euskaltegiarekin batera, bestalde, Txipistin zerbitzua ere Eltzia eraikinean egongo da ikasturte berrian. Izan ere, aireztatze arazoak konpontzeko egin beharreko lanak bestelako obra batzuk egiteko ere aprobetxatuko dituzte, adibidez ohiko espazioaren berrantolaketa egiteko, eta Udal Euskaltegiak eta Txipistinek partekatzen dute Bidebarrietako espazioa. Beheko solairuan egongo da, musika taldeen pasilloan.