Autobusez batzuk, autoz beste batzuk eta oinez ere ugari. Arantzazurako bide bazterretan jendearen joan-etorria etengabea izan da goizean zehar. Oñatiarrak bai, eta baita lurraldeko herri ezberdinetatik etorritakoak ere.
Norbanakoak asko, politikariak ere bai –Arantzazun batu dira EAJ, EH Bildu, PSE eta PPko ordezkariak– eta baita erakundeetako ordezkariak ere: Imanol Pradales lehendakaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko presidentea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; eta Maite Peña, Azahara Dominguez edota Jose Ignacio Asensio diputatuak, tartean. Oñatiko alkate Izaro Elorzarekin elkar agurtu eta gero, santutegiaren atarirako bidea osatu dute, eta bertan aurreskua dantzatu diete Oñatz dantza taldeko bi lagunek, txistulariek lagunduta. Argazkitarako eta hitz batzuk elkartrukatzeko tartea berriz ere eta, segidan, elizara, meza nagusia entzutera; frantziskotar anaiak zain zituzten atean.
Fernando Prado Donostiako gotzainak esan du meza. Homilian, Arantzazuko Amaren historia gogora ekarri eta, haren aurrean, bi eskakizun egin dizkio jainkoari: lehenengoa, herriaren sinesmena zaindu, sendotu eta aberastea, bere esanetan hain sakon sartuta egon den fedea moteldu eta epeldu ez dadin; eta bigarrena, familiak eta gertukoak babestea.
Santutegiaren atarian elkartu dira Geroako kaltetuak plataformako hainbat lagun ere, euren eskakizunak bistaratzeko helburuarekin: egindako ekarpenak kapital oso gisa jaso ahal izatea aldarrikatzen dute.