Euskal Diaspora Eguna Oñatin ospatuko dute domekan

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko ira. 4a, 15:42

Irailaren 8an ospatzen da Euskal Diasporaren Eguna, eta aurten, Oñatin egingo da. Ekitaldi ofiziala Eltzian izango da, Imanol Pradales lehendakaria bertan dela, eta Oñatiko hainbat kultur eragilek hartuko dute parte.

Kepa Errasti aktoreak gidatuko du ekitaldia eta tartean, Oñatzek, Ganbara abesbatzak, musika bandak eta txistulariek hartuko dute parte. Eltziako espazio ezberdinak zeharkatuko dituzte ekitaldi horretan, San Lorentzo ermitan bukatzeko.

Duela 50 urte Ameriketatik Oñatira etorri zen lehen ikasle kuadrilla bat, 76 gazte, da diaspora eguna Oñatin ospatzeko arrazoia. Egun Eltzia den eraikinean hartu zuten ostatu, laterandarrena zen eraikinean. Iñaki Galdos Irazabal oñatiarrak liburuan jaso du esperientzia hura eta hori aitzaki dator domekako eguna. Ospakizuna eta baita aurrera begira jartzeko arrazoia ere. 

Lehen esperientzia hura beste lau ikasturtez errepikatu zen eta orduan sortu ziren harreman askok iraun egiten dute oraindik. Eta oroimen horrek eta gertaera haiek Amerikako euskal diasporan izan zuen garrantzia nabarmenduko dute, besteak beste, domekako ekitaldian.

Espedizio horietan etorri ziren gazteek "abentura" bat bizi izan zutela aitortu dute maiz, baina Iñaki Galdosendako hori baino gehiago izan zen, eta horixe jaso gura izan du gertaera horretatik abiatutako liburuan. Inflexio puntu bat izan zen Amerikako euskal diasporan, eta baita hemen ere haren esanetan.

Erakusketa eta liburua

Diaspora egunarekin batera hamar panelez osatutako argazki eta bestelako elementuak izango dituen erakusketa ere zabalduko dute domekan Eltziako Topagunean. Hilabetez egongo da zabalik eta Boisera eramango dute gero.

Abentura bat baino askoz gehiago du izena Galdosek egindako liburuak eta Udalak argitaratzen duen Jerardo Elortza bildumaren bosgarren emaitza da. Datorren urtean ingelesera itzuliko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak