Lehen astean hainbat jokalari falta izan baziren ere, dagoeneko batu dira taldera. Gotzon Urzelai entrenatzailearen gidaritzapean ari dira lanean, eta hark adierazi du lehen egunek probak egiteko balio izan dietela.
Hainbat baja kubritzeko fitxaketak egin dituzte. Mikel Madina, Jokin Madina eta Josu Mediavilla. Azken hori atezaina da, eta azpimarra postu horretan jarri du Urzelaik. Atezainen falta sumatu du. Aloñako beste taldeetako atezainekin egin ditu probak, baina beheko taldeetan oreka apurtzen dela azaldu du. Hortaz, Zumarragatik ekarri dute Mediavilla. Fitxaketekin "ilusionatuta" dago Urzelai: "Jende berriak beti mugitzen du aldagela. Ilusioarekin eta uste dut hori positiboa dela".
Iazko denboraldia abiapuntu hartuta, orain arteko bidetik jarraitu nahi du Urzelaik denboraldi honetan ere. Maila berri honetan ausartak izaten jarraitu behar dutela dio, eta helburuaren oinarria jokoan dagoela: "Jokalari askok ezagutzen du Erregional Ohorezko Maila. Orduan, ausartak izanez gero, eta oinarri bezala jokoa jarriz gero, ea helburua betetzen dugun; goian egotearena. Taula erdian bagaude ere, helburu garbi batekin, oinarria jokoa dela".
Aloñak ere irailaren 15eko asteburuan hasiko du denboraldia. Oraindik eguna eta ordua zehaztu gabe, Zumarragan jokatuko du Urolaren kontra. Etxeko lehen norgehiagoka irailaren 22ko asteburuan izango da Zumaiakoren aurka.