Urrexolako parrokian apaiz egondako elizgizon batzuk Ritual Urrejolano izeneko testuak idatzi zituzten duela hainbat urte eta 2018. urtean Artixa taldeko kideen eskuetara iritsi ziren horiek. Bertatik hasi zen liburua sortzearen proiektua eta, hainbat urte ondoren, auzoko jaietan aurkeztu dute lan horren azken emaitza. Artxiboko eskuizkribuez, elkarrizketez, argazkiez edota testigantzez baliatuz bilaketa lanak aurrera eraman zituzten lan-talde handi baten artean.
Hamabi kapitulutan banadurik dago kaleratu berri den lana: Historia, Mapa, Bizimodua, Erlijioa, Eskola, Ur-jauziak, Bainuetxeak, Errota, Baserriak, Auzotarren testigantzak eta Argazkiak. Azken kapituluan, liburuari hasiera eman zion apaizen izkribuak ageri dira. Artixa taldekoen hitzetan, testu horietan, umorez eta ironiaz, ez dira soilik elizako erritoak eta ohiturak deskribatzen, baita bizilagunen bizimodua eta pentsakera ere.
Asko izan ziren liburuaren aurkezpenera hurbildu zirenak liburuari buruz gehiago jakitzeko asmoz eta, abesbatza eta musikaz lagundurik, hau erosteko aukera izan zuten.