Egun seinalatua da uztailaren 31 Gipuzkoan, eta horrenbestez Debagoienean. San Inazio eguna ospatzen da egun horretan, Gipuzkoako patroiaren eguna. Ohiturak agindu legez, ugariak izan dira eguna Urbian ospatzea erabaki zuten herritarrak. Beroari, nekeari eta izerdiari aurre egitea zail izan den arren, giro paregabea egon da egun osoan zehar.
Lepo bete zdira Urbiako fonda eta honen inguruak. Pozik agertu da Peio Bilbao, fondako arduraduna, egunak emandakoarekin: "Bertako artzainentzat egun handia da eta fondarentzako ere bai. Urteko egun fuerteena da, eta lan egiteko eguna da".
Egitarau oparoa
Eguna mendian ospatzeak zailtasunak ekarri arren, egitarau osoa antolatu dute eguna ospatzeko. Mezarekin hasi dute San Inazio eguna, eta ondoren beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu zirenek. Artzain-txakur lehiaketa izan da horietako bat. Bertan, Fidel Alonso aretarra izan da irabazle, Lis txakurrarekin batera. "Azkenean etxetik goizeko zortzietan irten behar izan dugu. Hona iristeko bi ordu ditugu eta gauzak irten diren bezala irtetzea, egon den giroarekin, oso pozgarria da" azaldu du Alonsok.
Erromeria ere izan da, lepo betetako fondaren ondoan. Miren, Agur eta Oier ordu luzez jardun dira, beroari gain hartuz, jendea dantzan jartzen. Urte luzez izan dira Urbian jotzen, baina hala ere, hunkituta agertu zen Agurtzane Mujika bertan jotzeko aukera izateagatik: "Opari handi bat da. Aspaldi hasi ginen hemen jotzen, duela 15 urte edo. Urte batzuk etorri gabe egon gara, baina opari handi bat da hemen izatea". Bertsolariak ere egon dira, han eta hemen, saio ezberdinak eginaz, formalak zein lagun artekoak.