8 eta 14 urte bitarteko nerabeendako egokituko dute Parke Gorria. Parte-hartze aurrekontuetan identifikatu zuten herritarrek behar hori eta parke horretan jasoko dute eskaera. Sozializazio eremu berri bat aurreikusten da. Ez da izango espazio berrien txertaketa soilik, espazioa moldatuko da hirigintza ikuspegitik ez ezik, baita pedagogikotik ere.
Horrekin batera, paraleloan, plaza eta kiosko ingurua konpontzeko egitasmoa ere jarri du martxan Udalak, proiektua idazteko enkargua eginez. Hori ere herritarren parte-hartzezko aurrekontuen prozesutik eurengandik etorritako eskaera da, kioskotik frontoi alderako zoladura berriztea, konkretuki. Partaidetzako aurrekontua eta Next Generation funtsatik etorrikoa dituzte mahai gainean hori gauzatzeko, egingo duten lana zabalagoa izango baita. Gune horretako berdeguneei lotuta, babestutako eremuak dira eta Aldundiarekin ari dira kontrasteak egiten, ze puntutaraino moldatu ahal izango dituzte jakiteko.
Udaleko sail ezberdinen arteko ikuspuntuak oinarri
Parke gorriaren moldaketa zein plazako kioskoaren bueltaren eraberritzeko lanak udaleko sail ezberdinen artean egindako lanketa oinarri hartuta abiarazi dituzte, hirigintza sailaz gain, baita, esaterako berdintasuna, parte-hartzea edo gazteria ere. Biak daude idazteko fasean eta irailaren erditik aurrera jasoko dituzte proposamenak.
Uztaileko osoko bilkuran eman zituzten argibideak, Tokiko Gobernu Batzordean onartutako gaien puntuan oposizioak horren gaineko argibideak eskatuta.