Oñati bisitatu dute, harrera eta opariak jaso eta, noski, ondoen egiten dakitena herriari eskaini: musika. Kalejira eta ordubete inguruko kontzertua eskaini zituzten atzo Lazarraga jauregiko lorategian. Eurak izan ziren protagonista nagusiak: paso dobleak edota kristau eta mairu martxak jo zituzten -euren komunitateko tradiziozko musika-; eta kontzertuko azken bi piezetan talde biak elkarrekin aritu ziren, guztira 100 musikari baino gehiagoko banda osatuta.
Burjassoteko banda hegoaldean eta nazioarteko txapelketetan egon izan da aurretik, baina lehen aldiz etorri da Euskal Herrira eta ikaragarria izan dela adierazi du Francisco Piñero, Los Silos de Burjassot musika taldeko presidenteak. Eta halako ekimenak bandarentzako zeinen garrantzitsuak diren ere azaldu du: "Kide oso gaztedun banda gara eta horrelako ekintzak dira, azken finean, pertsonak mugitzera eta gure taldean parte hartu nahi izatera motibatzen dituztenak. Eta batez ere, jendea ezagutu eta seguruenik berriz inoiz joko ez duzun jendearekin jotzea. Oso ilusionatuta gaude, egia esan".
Ilusionatuta oñatiarrak ere, nahiz eta esperientzia berri batean murgiltzeak beldur apur bat eman hasieran. Oñati eta Burjassot herrien artean ia seiehun kilometro dauden arren, gainera, aurkitu daitezke antzekotasunak, bateko eta besteko banden artean.
Elkartrukearen lehen zatia besterik ez da izan asteburu honetakoa. Datorren urrian Oñatiko Musika Bandaren txanda izango da eta Burjassoten egingo dute asteburua. Aitor Biain Bidartek aurreratu du hasiak direla gauzak prestatzen.