30. urteurrena ospatu dute, Ritxi Mendigurenekin batera

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 22a, 17:11

Athleticek Oñatin duen lagunarteak 25. urteurrena ospatzeko asmoa izan zuen, baina pandemia garaian bete zituen hogeita bost urte eta orduan ezinezkoa izan zuten ospatzea; hala, 30. urteurrena ospatu dute orain. Ricardo 'Ritxi' Mendiguren bera egon da Oñatin, eta, poteoa eta bazkariaren ostean, txapel bat eta kamiseta bat oparitu dizkiote omenaldi moduan.

Duela hogeita hamar urte, 1994. urtean sortu zuten Oñatin Ritxi Mendigurenen izena daraman Athleticen lagunartea. Duela bost urte bete zituen lagunarteak 25 urte eta orduan zuten asmoa mende laurdena ospatzeko, baina pandemia tarteko, ezin izan zuten urteurren hori ospatu. Hala, asteburuan elkartu dira lagunarteko kideak eta Ritxi Mendiguren bera 30. urteurrena ospatzeko; Oñatiko kideak ez ezik, kanpotik ere etorri da jendea ospakizun horretara. Poteoa eta bazkaria egin ostean, txapel eta kamiseta batekin omendu dute Mendiguren. "Urte asko dira Oñatira etorri ez naizela eta egun hau oso hunkigarria da niretzat. Azken finean, hainbeste urteren ondoren nire izena duen lagunarteak jarraitzen duela ikustea pozgarria da" dio Mendigurenek.

Hogeita hamar urteko bidea

Mendiguren, Oñatin jaioa baina txikitan Gasteizera bizitzera joan zena, 1987 eta 1997 urteen artean ibili zen Athleticen, eta, aitzakia hori hartuta sortu zuten lagunartea. "Athletic zale asko dituen herria da Oñati eta herritar bat bertan jokatzen zebilela ikusita pentsatu genuen merezi zuela Oñatin lagunarte ofizial bat izatea" dio Susana Altuna lagunarteko kide eta sorreran egon zen kideetako batek. Era berean Altunak gogoan ditu Eusko Jaurlaritzatik eman zituzten "buelta" guztiak lagunarte ofizial izatera iristeko.

Lagunartearen aurkezpena, berriz, urtebete beranduago egin zuten, 1995. urtean. Ritxi Mendiguren berak ondo oroitzen du egun hori: "Gogoan dut aurkezpenaren bezperan derbia galdu genuela Realaren aurka, baina egun horren oroitzapen ona dut". Hainbeste urtetan bere izena bertan mantentzea pozik hartzen duen moduan, garrantzitsuena lagunartea mantentzea dela dio: "Pertsonalki pozgarria da nire izena hor ikustea, baina garrantzitsuena Athleticek beste lagunarte bat izatea da".

Lagunartea osasuntsu

Hogeita hamar urte beteta eta mende laurdenaren ospakizuna beteta Oñatiko Ritxi Mendiguren lagunarteko presidente den Santi Bernalek lagunarte "osasuntsu" dagoela dio eta etorkizunerako "indarrekin" jarraitzen dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak