Ademgik –Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartea– antolatuta, Busti Zaitez kanpainaren 26. aldia ospatu dute Gipuzkoan, eta, tartean, baita Oñatin ere. "Garrantzia bikoitza duen eguna da. Batetik, jendea sentsibilizatzea da helburuetako bat, esklerosi anizkoitza nolakoa den ikusaraztea; eta bestetik, hemen dugun materiala saltzea, elkarteari bere jarduna aurrera atera dezan laguntzeko", adierazi zuen Jose Luis Calvok, Ademgi elkarteko oñatiarrak. Haren hitzetan, elkarteak kanpainak egin behar izaten ditu dirua lortzeko, eta hau da horietatik garrantzitsuena.
Horretarako, elkartearen materiala saltzen aritu ziren Oñatiko Foruen Plazan, eta Calvok herritarrei eskerrak emateko aprobetxatu zuen momentua: "Hamalaugarren aldiz gaude hemen, eta eskertzekoa da eurek egiten duten ekarpena. Gainera, kamisetak-eta astebete lehenago jartzen hasi ginen Txokolateixan duela hiru urte inguru, eta jendeak ja aldez aurretik daki zer izango dugun salgai; horri esker, hobeto doa kanpaina". Aldi berean, eskerrak eman zizkien laguntzen aritu diren kuadrillako lagunei ere: "Urtero-urtero etortzen dira laguntzera; eurak gabe ezingo nuke ezer egin".