Gipuzkoako Merkatariak Federazioak saritu ditu

Mireia Bikuña 2024ko eka. 21a, 14:42

Oñatiko Antxon harategiari ibilbidea aitortu diote, Egiburu familiak 107 urte bete dituelako sektorean; eta Oñatiko Sillero dendari tokiko negozioen lehiakortasuna hobetzea helburu duen Singular denda errekonozimendua eman diote.

Gipuzkoako Merkatariak Federazioak urteko batzarra egin zuen hilaren 16an Getarian.
Ekitaldian hainbat sari eta errekonozimendu banatu zituzten. Besteak beste, Oñatiko bi komertziori. Alde batetik, Antxon harategiaren familia-ibilbidea saritu zuten, Eguren familiak
107 urte bete dituelako sektorean. Beste alde batetik, tokiko negozioen lehiakortasuna hobetzea
helburu duen Singular denda errekonozimendua jaso zuen Sillero Oinetakoak-ek.

107 urteko ibilaldia

Oñatiko San Lorentzo auzoan dagoen Antxon harategia Egiburu familiaren laugarren belaunaldia da. Antxonen birraitonak lehena zabaldu zuen, Donostiako Bretxan, 1917ko maiatzaren 21ean. Bigarren eta hirugarren belaunaldiek Urretxun izan zuten harategia. Han aitarekin ikasi zuen Antxon Egiburuk, Oñatira joan aurretik. "107 urte. Lau belaunaldi. Lan handia, bizipen politak eta buruko minak ere bai. Baina halako sariak beti dira pozgarriak, eta gustagarriak. Tokiko negoziook asko eskertzen ditugu errekonozimenduak", esan du.

Duela 38 urte zabaldu zuen harategia Oñatin, eta Izaskun Iriondo emaztearekin darama negozioa. Bosgarren belaunaldia egongo ote den galdetuta, ez du erantzun garbirik eman.

'Singular denda'

Sillero Oinetakoak-ek bi denda ditu Oñatin: Kale Barrian eta Kale Zaharrean. Belaunaldi askoko negozioa da hori ere. Laugarren belaunaldiko Ane Zumelagak dauka ardura egun, eta oso pozik jaso du Singular denda errekonozimendua: "Lanean jarraitzeko indarra ematen digu sari honek. Oso eskertuta gaude". Tokiko komertzioen lehiakortasuna hobetzea de Singular denda egitasmoaren helburu nagusia. Hori lortu ahal izateko hainbat formakuntza-saio egin behar izan ditu Zumelagak. "Lan handia egin dugu. Aholkulari bat etorri zen dendara arlo ezberdinen inguruak lantzeko. Bereziki, komunikazioa hobetzeko tresnen erabilerari buruzkoa gustatu zitzaidan. Sare sozialak nola erabili, Instagram bidez nola lortu feedbacka bezeroekin... Oso aberasgarria izan da, eta emaitzak ikusten ari gara orain", aitortu du.

Oñatin, hamabi

Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen Singular dendak programa. 2017an heldu zen
Oñatira. Ordutik, hamabi negoziok lortu dute errekonozimendu hori. Udazkenean, berriz, Singular denda aitortza lortu ahal izateko prozesu berria abiaraziko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak