Iñaki Olalde Kultura zinegotziaren hitzetan, musika aniztasuna zaintzen dute "beti", "ahalik eta jende gehienari" iristeko, baina baita gehiago ere: "Genero ikuspegia ere aintzat hartzen dugu, parekidea izatea egitaraua, berdintasuna hizpide". Horren arabera ondu dute, beraz, Kalean egitasmoko egitaraua.
Musika eskolako ikasleen ikasturte amaierako egitarauarekin ekingo diote aurtengo egitarauari datorren astean, eta Ganbara Faktoriak emango dio jarraipena, txakolinaren inguruko ikus-entzunezko bat eskainiko baitu ekainaren 28an, musika, dantza eta poesia ez ezik, argien ikuskizun bat ere uztartuta. Uztailean, berriz, eguaztenetan izango dira ikuskizunak arratsaldeko zazpietan, eta horietako batzuk, gainera, herriko elkarteekin elkarlanean antolatutakoak dira. "Gobernuz kanpoko erakunde batekin arituko gara, Oñatiko Erei elkartearekin, eta Afganistango kontu batzuk ekarriko dituzte beraien gogortasunaren barruan-edo oinarritutako historia batekin".
Leiho afganiarrak du izena ikuskizun horrek, eta uztailaren 3an egingo dute Lazarraga lorategian, eguraldi ona bada. Gainontzeko taldeei dagokienez, oholtza gainean izango dira hurrenez hurren Vulcanizadas, Kuttune eta Txaston Dixie Band. Irailaren 1ean, azkenik, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoen Atxis ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Horretarako, 18.000 euro inguruko aurrekontua zehaztu dute, urtez urte herrian indar gehiago duelakoan egitasmoak.
Herrian errotuta
18.000 euro inguruko aurrekontua zehaztu dute egitasmoa egin ahal izateko, urtez urte herrian indar gehiago duelakoan: "Hau hasi zen bere egunean gauza puntualak eginez herrian, agian beste eragile batzuei dirulaguntzak emanda gauzak antolatzeko, eta poliki-poliki joan da egitarau formatu edo forma hau hartzen; azken hamar urteotan Kultura batzordeak kudeatzen du, eta, gainera, jendeak estimuan duen ekitaldi bat dela esan daiteke, erantzun ona izaten duelako".
Kalean egitasmoa, egitaraua:
Ekainak 19, eguaztena: Oñatiko musika eskolako ikasleen emanaldia, 18:00etan, Atzeko Kalean.
Ekainak 28, egubakoitza: Txakolinaren ospakizuna, Ganbara Faktoriaren eskutik, 22:00etan, Upain txakolindegian.
Uztailak 3, eguaztena: Leiho afganiarrak ikuskizuna, 19:00etan, Lazarraga lorategian.
Uztailak 10, eguaztena: Vulcanizadas taldearen kontzertua, 19:00etan, San Lorentzoko ermitan.
Uztailak 17, eguaztena: Kuttune taldearen kontzertua, 19:00etan, Lazarraga lorategian.
Uztailak 24, eguaztena: Txaston Dixie Band taldearen kontzertua, 19:00etan, San Martinen.
Irailak 1, domeka: Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoen Atxis ikuskizuna, 19:00etan, Errementeri plazan.