Elkarteaz arduratzeko festa zapatuan, trikitiarekin gozatuz

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko eka. 7a, 14:36

Hauspotu Bizitza trikiti festa antolatu du zapaturako Lizargarate Trikitizale Elkarteak, trikitilariendako zein zaleendako. Emanaldiak egongo dira zapatu goizean Olarako auzoko jaietako oholtza gainean eta kalejirak eguerdian eta iluntzean.

Elkarteari ondorengoak ematea eta etorkizuna bermatuko duten horiei trikitia zentzu zabalenean erakustea dira Lizargarate Trikitizale Elkarteak bere buruari jarri dizkion erronketako bi, eta horiek lortzen laguntzeko antolatu du zapatuko trikiti festa.

Nork bere estiloan

Jai eta ospakizunen egutegiari begiratu eta egun propio bat jartzea erraza ez dela ikusita, Olara auzoko Jai Batzordekoekin jarri ziren harremanetan, bien asmoak uztartzeko. Horrela, biharko, zapatua, trikiti festako emanaldia auzo horretako jaietarako muntatu den oholtza gainean izango da, 11:30ean. "Elkarteko kide batzuek eta musika eskolako hainbat trikitilarik joko dute. Taldetxoak osatu dituzte eta nork bere estiloan, librean, joko ditu bizpahiru pieza", azaldu du Lizargarate Trikitizale Elkarteko Irati Barrenak.

Oholtza gaineko emanaldiaren ostean, kalejira egingo dute Olara auzoan zehar, eta trikitizale edonork parte hartu ahal izango du; baita eguerdian gaztetxean egingo duten bazkari ostekoan ere, kaletik auzora bueltan joateko egingo duten kalejiran, alegia.

HELBURUAK: TRIKITIA ZENTZU ZABALENEAN ERAKUSTEA ETA JENDEA ELKARTERA ERAKARTZEA

Zaleekin batera

2021ean, herriko beste eragile batzuekin egin zuten antzerako festa bat Santa Ana antzokian; dantzariekin eta bertsolariekin kasu. Aurtengoa kalean izango da, trikitizaleendako egun bat osatuz, gaztetxoak eta zaleak elkartera erakarriz. Elkarteko kide Garazi Billarrek azaldu du azken urteetan gorabehera handiak izan dituela elkarteak eta onartu du gero eta zailagoa egiten zaiela jende berria elkartera erakartzea: "Trikitia mundu konkretu batekin lotzen dugu askotan, baina gizartea aldatzen joan den heinean joan da hori ere aldatzen, euskal kultura ere aldatu da eta. Zapatuan lortu gura diren helburuak dira, batetik, ondoren etor daitezkeenei erakustea gauza ezberdinak egin daitezkeela trikitiarekin eta berdin gozatzen jarraitu, eta, bestetik, elkartea sustatzea. Gainera, zale guztiak gonbidatu gura ditugu egunaz gozatzera, elkartea ez dutelako musika egiten dutenek bakarrik osatzen".

Lizargaraten abuztuaren 31n

Elkarteko kide berriek aurreratu dute Lizargarate Eguna mantendu egiten dutela, baina aurten abuztuko azken zapatuan izango dela, 31n. "Egunak berak beste itxura bat izango du, baina trikiti doinuak eta giro ona ez dira faltako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak