Oñatiko Udalak kaleratutako langilearen afera: EAJko udal taldearen adierazpenak eta Udal Gobernuaren erantzuna

Goiatz Arana Begiristain 2024ko mai. 31a, 14:35

Oñatiko EAJko udal taldeak adierazpenak egin ditu astean, Udalak langile bat kaleratzeagatik EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren harira.  Gardentasun eza eta, langilearekiko, begirune falta egotzi dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari. "Harriduraz" eta "kezkaz" hartu dituzte adierazpenok Udal Gobernutik.

Auziak duela urtebeteko gertaera batean du hasiera. Kiroldegiko lanpostu bat urtebeterako betetzea proposatu zitzaion Udalaren lan-poltsan zegoen hautagai bati, eta orduan zuen lanpostu finkoa utzi zuen hark eskaintza hori hartzeko. “Martxoaren 27an sinatu zuen kontratua, baina kontratazioan akats bat izan zela adierazi zioten, ahoz, eta apirilaren 30a azken laneguna izango zuela”, sententziak dioenez. Kaleratutako langileak 493,49 euroko kalte-ordaina jaso zuen, Udaletik berri eman zutenez, hori zelako zegokion kopurua, legezkotasun-printzipioan oinarrituta hartutako erabakiaren arabera.

30.000 euroko konpentsazioa

Diru kopuru gehigarri bat jasotzeko eskubidea zuela defendatzen zuen demandatzaileak, baina Udalak ez zuen bigarren eskaera hori onartu eta kaleratutako langileak Eibarko epaitegira jo zuen. Oñatiko Udalaren kontrako sententzia eman zuen hark eta berretsi egin du hori EAEkoak, maiatzaren 3an publiko egindako ebazpenean. Ondorioz, 30.000 euroko konpentsazioa ordaindu beharko dio kaleratutako langileari, alegia, urtebetez lanean jardunda jasoko lukeen soldataren araberako kalte-ordaina. 

Ebazpenaren kontrako helegiterik ez

Oñatiko Udalak, prentsa ohar bidez, jakinarazi zuen ez duela ebazpenaren kontrako helegiterik aurkeztuko. Hasieratik zuela onartua kontratazio prozesuan izaniko akatsa eta hasieratik agertu dela prest langileari kalte-ordaina ordaintzeko, baina harriduraz hartu duela kalte-ordain nagusia -30.000 eurokoa-, oraindik argitaratu barik dagoen Gizarte Eskubideen Europako Batzordearen txosten baten edukian oinarritzen den erabaki judiziala delako, bere esanetan.

"Gardentasun eza" eta, "langilearekiko, begirune falta"

EAJren udal taldeak "babesa" adierazi dio langileari eta "gardentasun eza" eta "begirune falta" egotzi dizkio EH Bilduren Udal Gobernuari.

Jeltzaleek salatu dute "komunikabideen bitartez jaso" dutela kaleratzearen judizializazioaren inguruko informazioa eta argitu dute epaiaren inguruko balorazioa ez dela korporazio osoarena, Udal Gobernuarena baizik. Azkenik, gertatutakoa "kudeaketa txarraren ondorio" dela gaineratu dute.

Udal Gobernutik "harriduraz" eta "kezkaz" hartu dituzte adierazpenok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak