Oñatiko udalbatzak aho batez onartu du Lan eta Sexu jazarpenaren Aurkako Protokoloa

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 31a, 14:25

Oñatiko Udalean lan jazarpenaren –bereziki sexu jazarpenaren eta generoaren oinarritutakoa– aurkako prebentzio eta jarduera protokoloa onartu du udalbatzak, aho batez, maiatzeko osoko bilkuran.

Hain justu, duela hilabete batzuk landutako Barne Berdintasun Planean dago jasota lan eta sexu jazarpenaren protokoloa, Izaro Elorza alkatearen hitzetan: "Udalak, momentu honetan, Berdintasun Plan bat du, herritarrei begirakoa, kanpora; eta, aldiz, orain dela gutxi onartu duguna da Barne Berdintasun Plana. Horrek jasotzen du udal mailan, batez ere udal langileek, protokolo bat izatea".

Berdintasun Sailetik etorrita, batez ere sexu eta generoarekiko jazarpena lantzen du protokoloak, baina baita beste jazarpen mota batzuk ere; esaterako, lan jazarpena. Hori guztia martxan jartzeko, berriz, mahai bat eratuko da langilea gerturatu dadin jazarpen egoera batean. "Pertsona zehatz batzuk egongo dira, eta langile bakoitza halako egoera batean aurkitzen denean erabakiko du norengana jo. Eta hor mahai bat eratuko da egoera aztertzeko, momentuan momentuko erabakiak hartzeko; hori egin ahal izateko formakuntza espezifikoak jasoko dituzte mahaikide horiek".

Bestelako gaiak

Oñatiko udalbatzak, bestalde, Udalaren atxikimendua onartu dio Bailara elkarteari; hau da, Debagoienean kokatutako sektore anitzeko enpresa taldeari, eskualdeko ehun sozial eta ekonomikoa indartzeko eta enpresa elkarteen irudia eta lehiakortasuna hobetzeko lan egin nahi duena. Udal bezala, gainera, herriko enpresak horra batzera gonbidatu ditu, bide batez, Elorzak. Horrez gain, onartutako beste puntu batzuk ere izan dira: Euskara Sailak kudeatuko duen programarako dirulaguntzak eta baita Lagun Leku elkartearendako dirulaguntzak ere.

Osoko bilkuraren amaieran, berriz, Jesus Irizar Txutxin izan dute gogoan alde bietako udal ordezkariek; hain justu, dantzaren munduan zein Corpusetako kofradian eginiko lana eskertu diote, etxekoekin ere gogoratuz. Are gehiago, Corpusei lotuta, domekan prozesioak zeharkatuko dituen kaleak txukuntzea proposatu zuen Xabier Mugarza EAJko kideak, eta horretan hasita daudela erantzun zioten Udal Gobernuko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak