Urbanizazio lanak ere amaituta, pumptrack gunea zabalik dago

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko mai. 22a, 10:10

Bizikletekin, patineteekin eta patinekin aritzen direnek, erabilgarri dute dagoeneko euren trebeziak erakusteko eta lantzeko pumptrack gunea. Asfaltozko 150 metro luzerako zirkuitua egin dute Eltzia atzeko espazioan.

Ofizialki zabalik dago Eltzia atzean eraiki berri den pumptrack gunea. Bertan izan ziren atzo arratsaldean Udaleko Saioa Arkonada Kiroletako batzordeburua eta Iñigo Ruiz Hirigintzako batzordeburua, eta inguruan egin dituzten lanen xehetasunak eman zituzten.

Pumptrack-ak asfaltoz egindako 150 metroko luzera dauka, bost peralte eta askotariko erabilerarako 24 modulu dauzka: “Hori posible izateko bi zirkuitu independentek osatzen dute gunea, bata 86 metrokoa eta bestea 64 metrokoa. Eta guztira 37 erabiltzailek gozatu ahalko dute aldi berean pumptrack gunearekin”, adierazi du Arkonadak.

Gunearen ezaugarriak zehazteko, herriko horrelako espazioen erabiltzaileekin izan dira eta Udal ordezkariak "pozik" daude momentuz pumptrack-ak izan duen harrerarekin.

Pumptrack-az gain, gunea txukundu beharra zegoen eta batez ere irisgarri bilakatu. Horretarako, hainbat urbanizazio lan egin dituzte bertan. Horrela zehaztu ditu lanok Ruizek: “Batez ere egin diren lan nagusiak izan dira gunearen sarreratik hasi eta goiko futbol zelairainoko gunea asfaltatzea eta argiztatzea. Argiztapena erabilerarako oso garrantzitsua da, baina horrez gain, Eltziako atzeko sarrera ez zegoela nahiko argiztatuta esaten kexa batzuk genituen eta aprobetxatu da pumptrack-eko gunea eta arrapala argiztatzeaz gain, argi berezi bat jartzeko Eltziako sarrera horretarako”.

Aurrekontua

Proiektua Oren Bike enpresak egindakoa da eta Poolsport enpresak exekutatutakoa. Guztira, 200.000 eurotako aurrekontua izan dute lanek; 88.800 eurotako proiektua izan da pumptrack gunearena eta gainontzekoa urbanizazio lanetara bideratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak