'Energiaren Zikloa Aktibatu' ekimena aurkeztu du Udalak

Julen Murua Mesonero 2024ko mai. 17a, 17:31

Maiatzetik ekainera bitartean hainbat ekintza egingo dituzte "bitartekoak jartzeko behar moduko erantzuna emateko aurreko legealdian aurkezturiko energia planak barnebiltzen dituen erronka desberdinei, oraingoei zein etorkizunekoei".

Energiaren Zikloa Aktibatu ekimena aurkeztu dute Izaro Elortzak, Oñatiko alkateak, eta Xabier Igartuak, Oñatiko Udaleko Zerbitzuetako batzordeburuak. Aurreko legealdian aurkeztu zuten Energia planaren baitan emandako "beste urrats bat" dela dio alkateak, "energia berriztagarriak, eredu justu bat eta autosufizientzia oinarri" izaten jarraituta. Era berean, ekimenak "energia ereduen inguruan hausnartzeko, energia komunitateez jarduteko edo herriko energia azpiegiturak ezagutzeko aukera" emango duela aitortzen du Elortzak.

"Lankidetzan oinarrituriko sarea osatzen joatea" da udalaren helburua, eta, horretarako, "herritarren parte hartzea beharrezkoa" izango dela aitortzen du Elortzak. Gaineratzen du ekimena "iazko partaidetza aurrekontuekin oso lotuta" dagoela eta "plangintza integral baten pieza esanguratsu bat" izango dela energia komunitateena. Hala ere, aitortzen du ez dutela "horretara mugatu gura; harago egin gura dugu".

Egitarau zabala

Herritarrekin lankidetza bilatze aldera, hainbat ekintzaz osatutako egitaraua aurkeztu dute; hiru hitzaldiz, erakusketa batez eta irteera batez osatutakoa, hain justu. Igartuak dio "herritarrei azalpen batzuk ematea" dela euren helburutako bat, "esateko nondik gatozen edo zer aukera dauden herrian". Gaineratzen du "ikusita herriak berak ere badituela bere azpiegiturak" uste dutela "guztion artean aukera handiak egon daitezkeela, herrian, proiektu energetikoen inguruan aurrera pausoak emateko".

Hitzaldiak kultur etxean izango dira 18:30etik 20:00etara, eta Oñatiko egoera eta aukera energetikoaren –maiatzaren 20an–, argindarraren merkatuaren –maiatzaren 28an– eta sortu daitezkeen aukera energetikoen aurrean gauzatu ahal diren proiektuen –ekainaren 5ean– gaiak landuko dira. Erakusketa ere kultur etxean izango da eta Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak –ekainaren 24tik 28ra; 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era– izango ditu hizpide. Amaitzeko, Olateko zentral hidroelektrikora eta Oñargiren bustinzuloko azpiestaziora egingo dute bisita –maiatzaren 22an, 18:00etan–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak