Gaztelekuak urtero antolatu ohi duen xake txapelketan gaztetxo askok ematen dute izena, eta uda kanpainako xake eskaintzak ere oso harrera ona izaten du. Zaletasuna dagoela ikusita, eskolak ematen hasteko proposamena jaso zuen Alberto Vesgak Urgain ikastetxekoen aldetik, hark baietz esan eta Markel semearekin batera, biak ari dira xake irakasle lanetan herriko ume eta gaztetxoei xakean nola jolastu irakasten.
Xakearen oinarrizko ezagutzak lantzen dituzte txikienekin: piezen kopurua, koloreak, arauak... eta jokaldiak entrenatzen eta lantzen dituzte nagusiagoekin. Taula erraldoi baten aurrean jarri eta ariketak eginez hasten dituzte saioak, esaterako, gaztetxoekin, eta partidak egiten dituzte eskolaren amaieran. "Ikasten dutena praktikan jarrita askoz hobeto ulertzen dute, eta horregatik izaten dute eskolek bi zati. Jolastera etortzen dira. Gainera, umeak oso azkarrak dira eta agudo ikasten dute. Sekulako poza da xakean ikasi gura duten gaztetxoak ikustea eta eurekin batera xakean aritzea", dio semeak.
Egubakoitzetan eta martitzenetan ematen dituzte saioak, eta irekiak dira. Interesa duena eurekin jar daiteke harremanetan. Bide batez, gurasoak eta herritar oro animatzen dituzte xake elkarte bat sortzeko.