ALBISTEAK

Aldaketarako garaia "orain" dela nabarmendu du EH Bilduk Oñatin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko api. 10a, 12:24

Oñatiko plazan egin zuen hauteskunde kanpainako ekitaldia EH Bilduk atzo arratsaldean. Bertan izan ziren Oñatiko alkate Izaro Elorzarekin batera, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren hautagai Rebeka Ubera eta Arkaitz Rodriguez, nahiz Gipuzkoako zerrendako beste zenbait hautagai.

Oñatiko Aiert Alberdi musikariaren emanaldiarekin hasi zen ekitaldia eta, ondoren, Izaro Elorza izan zen hitza hartzen lehena. Elorzak erreferente izatearen garrantzia azpimarratu zuen Oñati adibidetzat jarriz, eta adierazi zuen EH Bilduk erakutsi duela gobernatzeko modu bat "herritarren inplikazioa eta lana aitortu eta sustatzen" duena: "EH Bildu horretarako lanean ari da etengabe, berdinetik berdinerako ereduan, pertsonen zaintza erdigunean jarririk, partaidetzan, herriaren eta herritarren ongizatea bermatzeko etenik bariko lanean, osasun zerbitzu publikoak indartzeko ahaleginean… Horixe baita EH Bildu, herria".

Rebeka Uberak, berriz, apirilaren 21 gauean "ziklo berri bati" atea irekiko zaiola azaldu zuen. Horrekin batera, hauteskunde programari buruzko xehetasunak eman eta herriarekin batera egindako etorkizuneko proiektu bat dutela azpimarratu zuen, ez dela "paper bustia" aurkeztu duten programa: "Hainbat eta hainbat neurri gure udalerri batzuetan praktikara eraman ditugu, beste batzuek Legebiltzarrean aurkeztu eta eztabaidatu ditugu. Beraz, koherentzia guztiarekin, konbentzimenduarekin eta gizarte honen eraldaketarako egitasmo egingarri eta eraginkorra da".

Aldaketarako garaia "orain" dela nabarmendu zuen Arkaitz Rodriguezek eta hilaren 21ean aukeratu beharra dagoela "betikoei botoa eman edo aldaketa proposatzen duen" EH Bilduri: "Guk argi daukagu herri honek aurrera egin behar duela burujabetzaren eta autogobernuaren bidean. Guk bai, guk argi daukagu herri honek aurrera egin behar duela estatu propio baten eraikuntzaren bidean. Tresna eta ahalmen berriak behar ditugulako arestian aipatu erronkei arrakastaz erantzuteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak