104.435 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Oñatiko Autlan enpresak langile ohi bati

Itziar Larrañaga Sarasola 2024ko api. 5a, 13:51

Oñatiko Autlan EMD enpresa. (Argazkia: Oihana Elortza)

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, "lan osasunaren araudia urratzeagatik" jarri dio zigorra Eibarko lan-arloko epaitegiak Oñatiko Autlan EMD enpresari –2020ra arte Cegasa–.

Autlanek "lan-arriskuen prebentzio araudia urratzean sortu zizkion kalte-galerengatik" 104.435,98 euroko kalte-ordaina gehi interesak ordaindu beharko dizkio langile ohi bati. Eta hala, LABek azpimarratu du epaileak "berriro" arrazoia eman diela.

Enpresan produktu kimikoekin lan egiten dute, eta, epaiak jaso du "ez dela egiaztatu" arriskua saihesteko behar den arreta guztia erabili izana. LABen hitzetan, "epaiak argi uzten du enpresak ez zuela neurri eraginkor kolektiborik hartu"; aitzitik, langileei banakako Norbere Babeserako Ekipamenduak ematera "mugatu" zela, "nahikoa ez zirenak arriskua saihesteko edo minimizatzeko". Era berean, epaiaren arabera, enpresak ez zuen proba mediko espezifikorik egin, behar bestekoak eta langileen arriskuari egokitutakoak.

Eragindako lesioen ondorioz, langileak ezintasun iraunkor osoa du lanbide-gaixotasunagatik. Horrez gain, LABek gogora ekarri du epaitegi berak zigortu zuela enpresa "langile horren prestazioan %40ko errekargua ordaintzera, segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik". Eta otsailean, berriro arrazoia eman ziola LABi, eta enpresako beste langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortu ziola.

LAB "pozik" dago epaiarekin, baina argi utzi nahi izan dute nahiago luketela "halakorik inoiz gertatu ez balitz, enpresak diru hori prebentzioa egiteko erabili izan balu eta langilea gaur egun osasuntsu egongo balitz".

GOIENA Autlaneko zuzendaritzarekin harremanetan jarri da epaiaz galdetzeko, baina ez dute aparteko iritzirik eman nahi izan. Hala ere, azpimarratu nahi izan dute, langileen segurtasuna dela "garrantzitsuena" enpresarentzako, eta, 2020an Autlanek Oñatiko enpresa erosi zuenetik, langileentzako laneko edozein arrisku mota minimizatzeko "baliabide eta bitarteko posible guztiak" jarri dituela. Bereziki, "norbera babesteko merkatuko ekipamendurik onenak hornitu dira, prozesu-inbertsioak egin dira eta Lan Ikuskaritzak eskatu digun beste edozein jarduketa gauzatu da", adierazi dute Autlanetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak