Ezintasun iraunkor osoa aitortu diote Autlan Emd enpresako langile bati

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 20a, 13:50

Oñatiko Autlan Emd enpresa.

LABek nabarmendu duenez, Eibarko lan-arloko epaitegiak arrazoia eman dio sindikatuari, enpresako behargin bati produktu kimiko arriskutsuekin lan egiteak osasunean utzi dizkion kalteak direla-eta.

Ezintasun iraunkor osoa aitortu diote Oñatiko Autlan Emd enpresako langile bati, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Eibarko lan-arloko epaitegiaren epaiak frogatutzat jo baititu langilearen osasunean eragindako kalte larriak. "Oso arriskutsuak diren produktu kimikoekin lan egin arren, enpresak ez zuen 2018. urtera arte ezarri arnasketa ekipo espezifikoa erabiltzea, eta ordura arte zeuden babes neurriak ez ziren nahikoak, epaiak argi uzten duenez". Areago, LABek gaineratu du sindikatuak eginiko beste salaketa bat ere onartu duela epaiak: "Enpresak ez duela babes ekipamenduen doikuntza probarik egin kutsatzaileen kontzentrazioa zehazteko, eta hori nahitaezkoa dela ekipamendu horiek erabiltzeko".

Hala, LABek azpimarratu du "lan asko egiteke dagoela patronalak langileen segurtasuna eta osasuna berma ditzan," eta "bere onura ekonomikoak langileen osasunaren gainetik lehenesten" jarraitzen duela: "LABek babes osoa adierazten die langileari eta gainerako lankideei. Langileen osasuna eta segurtasuna defendatzen jarraituko dugu".

Gobernuen esku hartzea

Sindikatuaren hitzetan, patronalak "ez du prebentzio araudia betetzen gobernuek horretarako bide" ematen diotelako: "Ez ditu beharrezkoak diren bitartekoak ipintzen prebentzio araudia betetzen dela egiaztatzeko eta, praktikan, zigorgabetasuna bermatzen die". Egoera horri aurre egiteko, beraz, langileen borroka beharrezkoa dela deritzo, euren eskubideak onartuak izan daitezen.

Horrez gain, Mutualiaren jarrera ere salatu nahi izan du LABek. "Berriro ere langileari bere gaitz larria aitortzearen aurka agertu baita, haren kostu ekonomikoa bere gain ez hartzeko". Adierazi duenez, mutualitateek, "langileen osasuna zaindu beharrean, beren interes ekonomikoak lehenesten" dituzte: "LABek, beste behin ere, mutualitateak publiko bihurtzea eta osasun sistema publikoan integratzea eskatzen du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak