Joan den eguenean egindako martxoko osoko bilkuran, joan den urteko gerakina aurtengo aurrekontura sartzea onartu du Oñatiko udalbatzak. Lau bat miloi euro guztira: 1,6 milioi txertaketa bidez eta 2,4 miloi kreditu aldaketa bidez. 2023an martxan jarritako proiektuak dira horietako batzuk eta horiez gain, gehitu dituzten partidak dira: kantxa urdineko teilatuko ur sarrerak konpontzeko, led argiteria jartzeko kantxa urdinean eta pilotalekuan, eta eguzki plakak jarriko dituzte kiroldegian argindar autokontsumoa bultzatzeko. Horrez gain, Eltzian igogailu bat jarriko dute eta hurrengo urteko maileguaren zati bat ere ordainduko dute. 2,3 miloi euro geldituko lirateke, gordeta daudenak, Urrutxuko zilegitze lanetarako.
Udalean oposizioan dagoen alderdi jeltzalea ados agertu zen udal gobernuak aipatutako asmo horiekin, baina aipatu zuen horrek txikiagotu egiten duela urte hasieran Udalak zuen aurrezki arrunta. Beraiek egindako proposamenak ere, Kasablankan eta San Martin egoitzako loreontzietan loreak jartzearena, ez zuen onartu Udal Gobernuak, egoitzaren kasuan Kabiarena dela argudiatuz; alderdi bien artean eztabaida sortu zuen Oñati eta Elorregi arteko autobus zerbitzua jartzearena ez zen onartu. Alderdi biek ikusten dute horren beharra, zerbitzu hori jartzeko eskumenean dago, baina, bien arteko desadostasuna: Udalarena dela azpimarratzen du EAJk eta azterketa bat egitea proposatzen du; aldundiarena dela dio EH Bilduk eta ez du azterketa beharrik ikusten.