Urtarrilaren 20an zendu zen Xabier Ugarte oñatiarra, eta Korrika kulturalaren baitan, omenaldia egin zioten euskaltzale eta kulturgileari. Jende andana batu zen Santa Ana antzokian. Ikusleez gain, asko izan ziren oholtza gainean Ugarteri gorazarre egin nahi izan ziotenak. Musikariak, abesbatzako kideak, Artixako kideak eta Udal gobernuko kideak egon ziren besteak beste. "Merezitako omenaldia izan da. Ikustea besterik ez dago hau antolatzen hasi ginenean jendea zela batu zen. Jendeak gogoa zuen Xabierri omenaldi bat eskaintzeko. Batzuengana guk jo genuen, beste batzuek gugana jo zuten parte hartzea nahi zutela esatera. Horrek erakusten du zein maitatua izan zen herrian, zenbat lan egin zuen, bai musika arloan, bai euskalgintzan" adierazi zuen Julen Iriondok, Oñatiko Korrika batzordeko arduradunak.
Korrika batzordeak eta Oñatiko Udalak oroigarri bana eman zioten Ugarteren familiakoei. Familia hunkituta agertu zen eta eskerrak eman zieten antolakuntzako kideei zein bertaratu ziren pertsona guztiei. Omenaldia Bernart Etxeparek idatzitako Kontrapas abestia kantatuz amaitu zuten.
2017. urtean Julen Iriondok 'Ikustenda' telebista saioan egindako erreportajea bota zuten omenaldian. Hemen osorik ikusgai:
Euskaltzale eta kulturgilea
Euskaltzale eta kulturgile nekaezina izan zen Ugarte. Gazte garaian gitarra jotzen ikasi zuen, Jose de Azpiazu musikariaren laguntzaz. Geroztik musikaren munduari lotuta egon zen. Musika talde ezberdinetan jo zuen, eta hainbat musikarirekin partekatu zuen ibilbidea. Musika jotzeaz gain, musikarien artxiboak berreskuratzen eta argitara ekartzen lan handia egin zuen oñatiarrak. Aipagarriak dira Aita Madinaren edo Jose de Aspiazuren artxiboekin egindako lanak. Oñati abesbatzaren kide ere izan zen.
Musikarekiko zaletasunak euskaltzaletasunarekin egin zuen topo bere gaztaroan. Hasteko, Bernardo de Arrizabalaga idazlearen 'Barroetarrak' lana itzuli zuen. Geroztik ibilbide oparoa izan zuen euskaltzaletasunaren alorrean. Laixan elkartearen sortzaileetako bat izan zen, adibidez. Horrez gain, ikaragarrizko lana egin zuen euskaldunak alfabetatzeko gau-eskoletan. Irakasle bezala ibili zen bertan, beste hainbat irakasle bezala, bera ere oraindik alfabetatzeko bidean zegoen arren. Gau-eskolak utzi ostean, lantokian ere euskara taldeak sortzen eta lankideak alfabetatzen ibili zen.
Musika ondarea zaintzeaz gain, bestelako kultur ondarearen berreskurapenean ere egin zuen lan Ugartek. Aspektu horretan, Artixa kultura elkartearekin egindako lanak pisu handia du.