Nolakoa den erakutsiko du bihar Malko taldeak

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mar. 22a, 10:00

Rock doinu gogorragoak zein bigunagoak dituen hamar kantuko 'Esan ezin direnak' diskoa atera du oñatiko taldeak, eta zapatu gauean aurkeztuko du, gaztelekuan, korrika kulturalaren barruan. aurkezpenerako gogotsu daude bost kideak

Urtebeteko lanketa izan du Malko taldearen lehen diskoak. Abenduan sartu ziren estudiora, eta Malko taldea nolakoa den jakin gura duenari erakusteko gertu daude. Bihar, zapatua, egingo dute aurkezten hori, 22:00etan, gaztelekuan, Korrika Kulturalaren barruan.

Hamar kantu

Esan ezin direnak du izena diskoak eta hamar kantu jasotzen ditu. Taldekideen esanetan, estudioko emaitza entzun ondoren gelditu zaie eurei ere definituta taldearen estiloa. "Euskaraz abesten duen rock talde bat egin gura genuela bagenekien, baina zehaztasun gehiagorik gabe. Bost gara taldean, eta, bakoitzak bere estiloa izan arren, erreferente asko partekatzen ditugu, eta horien melodia batzuk oinarri hartuta eta Iñigo Santa Cruz eta Anje Maiztegi taldekideek egindakoekin osatu ditugu kantuak, metalera gerturatzen diren piezak bi horienak, haraino heldu gabe", diote Maddi Arlanzon eta Unai Izura kideek.

Trantsizioaren isla

Rock estiloko diskoa, beraz, baina indar ezberdina duten kantuak jasotzen dituena: "Gitarra doinuak gogorragoak dira pieza batzuetan beste batzuetan baino, baina, era berean, indar hori erakutsi gura dugu. Horixe erakutsi gura genuen irudiz ere, eta horregatik aukeratu ditugu bi kanta gogor bideoklipak egiteko, diskoaren aurrerapen moduan. Ingurukoek lagundu digute sormen-irudi horiekin".

Indar horrekin batera, taldeak hasieratik hona izan duen trantsizioa, aldaketa, ere erakutsi gura du Malko taldeak lehen disko horretan. "Maddi Arlanzonek eginda zituen letra batzuei musika jartzen hasi zen proiektu guztia. Maketak etorri ziren gero eta diskoa orain, eta sekulako aldea da. Oso pozik gaude emaitzarekin; urduri sartu ginen estudiora, eta gogorra izan da, baina oso aberasgarria izan da esperientzia eta ondo ikusten da taldeak izandako trantsizioa".

Sarrerak salgai daude

Eta trantsizio hori erakutsi eta Malkok zein musika egiten duen erakusteko bihar egingo duten kontzertua egiteko gogotsu daude taldekideak. Aurretik badute esperientzia oholtza gainera igo eta jendaurrean jotzen, baina badakite berezia izango dela biharko kontzertua, eta "presio txiki bat" ere sentitzen dutela diote, kantuak ezagutzen dituen jendea egongo delako aurrean. Sarrera hiru euro da, eta aurrez online edo gaztelekuan bertan eros ahal izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak