Oñatiko EAJko kideak ez ezik, Debagoieneko EAJko Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak ere izan ziren ekitaldian. Marijo Etxegoien oñatiarra da horietako bat, eta Aloña Mendik 75 urte hauetan egin duen lana izan du gogoan, oñatiarrek "Aloña Mendirik gabeko herri bat ezingo luketela imajinatu" nabarmenduta. "Aloña Mendik ez du bakarrik kirol zaletasuna edo ez ditu kirol zaletasunarekin lotutako osasuna-eta bezalako baloreak defendatzen eta zabaltzen. Hortaz harago, Aloña Mendik beste hainbat balore ematen dizkio gure herriari: lankidetza, berdintasuna, elkartasuna, auzolana... Eta guzti horrek defendatu eta zabaltzen jarraitu behar du, gure eskerra adieraziz".
Haren arabera, horrelako elkarteek aurrera jarrai dezaten "erakundeen eta instituzioen parte-hartzea ezinbestekoa da", eta berdinetan da Gorka Iturriaga EAJko kirol arduraduna ere. Azaldu duenez, eskerrak besterik ez zaizkio eman behar 75 urte bete dituen elkarte bati, "urtetik urtera esfortzua ez ezik, herrigintza ere egiten duelako": "Kultur, kirol arloan dabiltzanek denentzako egiten dute lan, eta nik uste txalotzekoa dela, baina bereziki goraipatzekoa. Izan ere, krisi txiki batean bizi garela uste dut, boluntarioen lan honetan krisialdia dagoela, eta hainbeste urtetan horrela mantendu direnak goraipatu behar direla, ikas dezagun bada ere".
Plaka bat oroigarri
Aloña Mendi Kirol Elkarteko kideek plaka bat jaso zuten oroigarritzat, eta Javier Azpiazu Aloña Mendiko futbol saileko presidenteak hartu zuen hitza: "Horrelako opariak gutxitan ikusten dira, eta gaurkoa izan da ekitaldi polit bat. Gure aldetik, eskerrak ematea alderdi jeltzaleari".