Indar ariketak egiteko aukera ezberdinak eskaintzen dituen elementuak ditu, hainbat altueratako barrak, adibidez. Oñatiko kirol batzordeburu Saioa Arkonadarendako, kalistenia gune hau adin tarte ezberdinei zuzendutako parke bat da. Altuera ezberdinetako barrak eta elementuak erabilita, ariketa fisikoak eta indarrezko ariketak egin dezake norberak norberaren gorputzarekin, ez dago makinarik edo tresnarik. Ariketa horiek eginda, besteak beste, indarra, oreka, malgutasuna eta koordinazioa landu ahal dira.
Herritarren proposamena
2023 eta 2024 urteetarako herritarrekin egindako partaidetzazko aurrekontuen prozesuan egindako proposamena da kalistenia parke hau. Ideiarekin batera zetorren kokapena ere, alegia, San Martin auzoan jartzearena. Kokapen zehatza irizpide teknikoak izanda erabaki dute: San Martingo zuhaiztiaren eta autokarabanendako gunearen artean dagoen espazioan kokatu dute, mahaiak eta eserlekuak dauden atseden gunearen ondoan. Donostiako Hobby Kirolak enpresak egin ditu lanak eta 21.800 euroko aurrekontua izan dute.
Guztira, herritarrek egindako 21 proposamen aztertu zituzten udal ordazkariek 2023an eta 2024an egin ahal izateko prozesuan. Horietatik bederatzi aukeratu zituzten eta egin den laugarrena da hau; Santa Lutziako mahaiak berriztu dituzte, Iturrigorriko zelaiak garbitu eta bizikletendako aparkaleku gehiago jarri. Bosgarrena izango da Eltzia pareko ur parkean komun publikoa jartzea; esleipen prozesuan daude lanak.
Bergaran eta Eskoriatzan ere bai
Debagoieneko beste herrietara begiratuz gero, Bergaran egin zuten horrelako parke bat hango Boni Laskurain kalean duela lau bat urte eta Eskoriatzan ere badago San Pedro auzoan.