Miren Zuazola, Beatriz Igartua eta Ane Zubia, Amaia Cuesta, Marina Arregi, Puri Tejerina, Edurne Iriondo, Anabel Myrians Vasquez, Hortensia Alcala, Ana Arregi, Teresa Diaz, Leire Lopez, Ines Murguzur eta Idoia Etxeberria. Horiexek, Oñatiko emakume sortzaileen erakusketako izen propioak. Guztiak oñatiarrak edo Oñatin bizi direnak. Euren lanak ikusteko aukera egongo da datozen hamabost egunetan, martxoaren 22ra bitartean, astelehenetik igandera, 18:00tik 20:00ra.
Lide Osinagak egin ditu erakusketaren komisario lanak eta pozik azaldu zen atzo, egubakoitza, erakusketaren inaugurazioaren ostean. "Egiten dugun lehen aldia da, ez genekien zenbat animatuko ziren eta ikusten duzuen moduan erakusketa gela osoa bete da artelanez. Etxean egiten denari tokia ematea eta herriari erakustea oso polita da".