Zubikoa kiroldegiko pilotalekua zirkuko karpa erraldoi bat bihurtuko dute hilaren 16an, izan ere, Oñatiko Musika Bandaren denboraldiko laugarren kontzertuak Zirko Gunea izena izango du. Karpa erraldoiaren barruan 250 partaide arituko dira eta zirkuan ohikoak diren pertsonaiak ikusi ahalko dira, pailazoak, akrobatak eta baita animalia "bitxi" batzuk ere: karakolak.
Akrobaten lana gimnasia erritmikoko 80 kidek egingo dute eta karakolaren papera, berriz, musika eskolako 80 ikaslek hartuko dute. Herriko eragile ezberdinekin egindako emanaldi hau, gainera, denboraldiko kontzertu pedagogikoa izango da. Zirkuaren giroan murgildutako 60 minutuko emanaldia eskainiko dute.
Bandaren kontzertuak, normalean, domeka eguerdian izaten dira. Oraingo honetan, ordea, zapatuan, martxoaren 16an, izango da eguerdiko 13:00ean, Zubikoan. Sarrera guztiak agortuta daude jada, baina norbaitek soberan izango balitu, Txokolateixara eramateko deia egin dute, beste batzuk aukera izan dezaten.
Top Kondairak
Bosgarren kontzertu hau apirilaren 28an izango da, kasu honetan ohiko egunera itzulita, domekara (13:00). "Etxekoentzako" kontzertua izango da, musika eskolako ikasleak eta gurasoak gonbidatu dituztelako emanaldi berezi honetara. Ikasleek banda barrutik ezagutzeko aukera izango dute. Alde batetik, kontzertua hasi aurretik 30 ikaslek banda bat nola osatzen den ikusteko aukera izango dute, baita instrumentuak gertutik ezagutzeko aukera.
Bestetik, aurten ere, zero aulkia egitasmoa jarri du martxan OMBk. Honek, bide emango die musika eskolako ikasleei, kontzertuko lehen bi piezak bandako musikarien ondoan entzuteko, bandako kide izango balira bezala. Programari dagokionez, kondairatan oinarritutakoa izango da.
Kontzertu honetarako sarrerak hiru aste lehenago jarri dira eskuragarri Txokolatexian eta Musika Eskolan. Zirko Gunea zein Top Kondairak kontzertuetara gerturatzeko asmoa dutenei, denboraz joateko deia egiten diete, pilaketak ekiditeko.