75 urte beteko ditu aurten Aloña Mendi Kirol Elkarteak, eta urtemuga ospatzeko egingo diren ekimen ezberdinak aurkeztu dituzte elkartearen bulegoetan. 1949aren otsailaren 12an sortu zen ofizialki Aloña Mendi. Kirol elkartearen lehen saila futbolekoa izan zen, hala ere, Aratz Losada antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, elkarte osoaren jai bat izatea nahi da. Urteurrenaren antolakuntza taldeko, Aloña Mendiko, Oñatiko Udaleko, Real Sociedad Fundazioko, Gipuzkoako Futbol Federazioko eta Hotz Oñatiko ordezkaritza egon da aurkezpenean.
Armarri berria
Urteurrenaren baitan iragarri duten lehen berrikuntza armarriaren aldaketa izan da. Losadaren ustez "armarria ez zegoen gaur egungo erabilera ezberdinetarako gertu". Berez armarri bakarra egon arren, honen sei aldaera ezberdin erabiltzen ziren. Arazo horiek identifikatuta, "egungo errealitatera egokitutako" marka berria diseinatu dute. Bertan, Aloñaren koloreak identifikatzen dira eta bolumenak kendu dira. Horrez gain, aurten erabiltzeko azpimarka bat iragarri dute.
'Oñatiarron taupadia'
Armarri berriarekin batera, urtean zehar aurrera eramango duten kanpainaren leloa iragarri dute. Hau oñatiarron taupadia izango da. Lelo hau erabiliko da urtean zehar egingo diren ekintza ezberdinetan. Merchandisinga bezalako beste elementu batzuetan ere erabiliko da. Urtemugako kanpaina honek lau oinarri nagusi izango ditu: herriari ekarpen soziala egitea, parekidea izatea, jasangarria izatea eta elkartasuna sustatzea.
Ekintza ezberdinak
Ekintza ugari egingo dituzte urteurrena ospatzeko. Lehena, martxoaren 10ean izango da. Unaimendin egindako zuhaitz landaketa bat izango da, eta bertan 14 zuhaitz landatuko dituzte, Aloña Mendiko sail bakoitzeko bat. Ekintzak abendu-arte luzatuko dira eta sail ezberdin guztiek hartuko dute parte. Besteak beste, bakarrizketak, eskola kiroleko jaiak, hitzaldiak eta kirol material bilketa solidarioak egongo dira.
Merchandising solidarioa
Urtemugaren harira, produktu ezberdinez osatutako bi sorta atera dituzte. Bat haurrentzat izango da eta bestea helduentzat. Haurrenean kamiseta bat, sudadera bat eta katilu bat egongo dira. Helduenean berriz, katiluaren ordez aterki bat egongo da. Produktu hauek eskuratzeko modu bakarra sorta osoa erostea izango da, ezingo dira solte erosi. Martxoaren 17ra arteko epea egongo da sortak eskuratzeko, eta eskaera Aloña Mendiko webgunean egin beharko da. Merchandising hauen irabazien zati bat Hotz Oñati elkartearentzat izango da.