Panelak, habitatak eta mikroskopioak daude erakusketa gelan, eta horien bitartez ezagut daitezke, esaterako: hankadunen eta ez-hankadunen artean egiten dela lehen sailkapena, uretan jaio baina lehorrean ugaldu eta hiltzen direnak, zomorroen ugalketa, moluskuak, anelidoak, nolakoak diren egiten dituzten ziztadak edo hozkadak.
Zuhaitz azoka eta landaketak ere egingo dituzte aurten, baita hitzaldiak ere. Horietan ere zomorroez arituko dira, gainbeheran daudelako edo kobazuloetan zein motatakoak bizi diren jakiteko. Aurtengo irteera, hain zuzen ere, horiekin lotu dute; Dordoka eta Iritegi kobetara joango dira han bizi diren zomorroak ikustera.
'Arraio tximista' liburua
Bestalde, naturari buruzko informazio pilulak eta bitxikeriak jasotzen dituen Arraio tximista liburua kaleratu dute, Jabi Erostarberen ilustrazioarekin, Natur Eskolakoek garai batean Berria egunkariko Mantangorri gehigarrirako idazten zituzten natura istorioekin. Natur Eskolarekin elkarlanean ari diren eragileen artean banatuko dute; Txokolateixan ere eskuratu ahal izango da, doan.
Zomorroei buruzko erakusketa martxoaren 3ra arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Hilaren 22an eta 27an, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte, 18:00etan.