Eneko Lambea: "Mutil askok ez dakite gimnasia erritmikoa egin dezaketela"

Miren Arana Pagaldai 2024ko ots. 5a, 12:37

Aloña Mendi kirol elkarteko gimnasia erritmikoko kideek, Eneko Lambea gimnasta leioarraren eskutik, 'master class' bat jasotzeko aukera izan dute.

Aloña Mendiko 30-40 gimnastek Eneko Lambeak eskainitako master class-a jasotzeko aukera izan dute, Oñatiko Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan. "Pozik eta oso gustura" dagoela dio Eneko Lambeak, izan ere klase hau ematea aukera polita dela adierazi du: "Lan bikaina egiten ari dira Oñatiko gimnastak, entrenamendu oso bat prestatu dut, beroketa, pilotarekin lanketak, eta figura desberdinak ikasi ditzaten". Gainera, gimnasta leioarra klasea gidatzera joan arren, berak ere ikasleek beste ikasten duela aitortu du.

Eneko Lambearen eskutik, 'master class'-a Oñatiko kiroldegian.

Aldaketa garaia

"Historikoki emakumeen kirola izan da gimnasia erritmikoa, erritmo eta elastikotasunagatik. Gizonezkoek badirudi ezin zezaketela erritmorik izan" dio Eneko Lambeak. Egoera aldatu eta gimnasia erritmikoaren munduan gizonezkoen "ateak irekitzen" ari diren arren, oraindik ere egitekorik badagoela adierazi du gimnasta leioarrak: "mutil askok ez dakite gimnasia erritmikoa egin dezaketela, eta mutil bat gimnasia praktikatzen ikustean asko harritzen dira".

Gimnasia gustuko dutenak saiatzera animatzen ditu Eneko Lambea "kirol polita da, itzela. Kirol guztietan bezala, saiatu ostean uztea nahi duenak utz dezake, baina ez izatea ez saiatzeagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak