Arteak jendearen pentsamenduetan nola eragiten hausnartzen ari dira Oñatin, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatutako III. Guda Zelaia jardunaldietan. "Arteak, komunikabideak... eragin handia dute jendearen pentsamenduetan eta pentsakera horiek oso bideratuta daude ikusten diren filmeen eraginez, komunikabideek kontatzen duten edo kontatzen ez duten horretaz. Zentzu horretan politika egiteko eta eraldaketa bat eragiteko garaian beharrezko ikusten dugu aurrerapausoak egin beharra, izan komunikabideak sortuta, edo arte alorretik ere esparru politikoari ekarpena eginaz", azaldu du Aitor Tatiegik, Kontseilu Sozialistako kideak.
Hala, goizean, Oñatiko kultur etxeko aretoan Aitor Arregi zine zuzendaria izan dute gonbidatu. Harekin aritu dira, zineak pentsakeretan eragiteko duen gaitasunaz. "Politika bizitzako esparru guztietan dago", azaldu du Arregik. "Antolakuntza ereduan, ingurukoekin eraikitzen ditugun harremanetan... Politika denean dago eta noski, zinean ere bai. Komedia erromantiko txatxu baten atzean ere politika dago, balore eta bizimodu jakin batzuk erakusteko erabakia dagoelako horren atzean. Zine politikoa ez da soilik zine propagandistikoa", nabarmendu du.