Bost artzain elkartu dira gaur eguerdian Oñatiko parrokian dagoen jaiotzaren inguruan. Errege Magoen etorrera iragarri dute. "Hemendi egun batzuetara ekialdeko jakintsuak iritsiko dira, baina gogoratu artzainak –bihotza– jakintsuak –burua– baino lehenago iristen direla beti", azaldu dute.
Jakinarazi dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta euren laguntzaileak urtarrilaren 5ean iritsiko direla. 12:00etan irtengo dira Santa Anatik. "Parrokiara joango dira. Haurra gurtu ondoren, klaustroan jarriko dira Oñatiko haurren gutunak jasotzeko. Haurrekin eta familiekin elkartu aurretik, San Martin egoitzara joango dira 10:30erako".
Jostailu bilketa
Artzainek elkartasunerako deia egin dute. "Ekialdeko jakintsuek Caritasera bideratuko dituzten jostailuak bilduko dituzte eta iazko bilketaren arrakasta ikusita aurten ere elkartasunerako deia egiten dugu, ume bakar bat ere oparirik gabe gera ez dadin", esan dute.
Jostailuak klaustroan jasoko dituzte, eta bertara parrokiako ate nagusitik edo San Juan kalera ematen duen atetik sartu ahal izango da. "Eta gogoratu artzainek eta Errege Magoek gurtzen dugun haur horrek unibertso osoa sinbolizatzen duela, miretsia eta zaindua izateko dagoena. Maitatua izateko".