Ordubete pasa iraun zuen azaroko Oñatiko osoko bilkurak, eta alderdiek aurkeztutako mozioen azalpenek eta irakurketek hartu zituzten minuturik gehienak. Adierazpen bateratua aurkeztu eta onartu zuen udalbatzak, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunari lotutakoa. Aldiz, beste hiru puntututan sei mozio aurkeztu zituzten, bana, Euskararen Egunari, pentsioen egoerari eta zaintzari buruzkoak.
Digitalizazio aroan sartuta egonda, hori "euskararen zabalkundearen alde" erabiltzea defendatzen duen mozioa aurkeztu zuen alderdi jeltzaleak Euskararen Egunari lotuta. EH Bilduk, baina, harago joan behar dela deritzo, "azkenaldian euskarak jasandako erasoak ikusita", eta UEMAren adierazpena aurkeztu zuen. Bozketan, baina, aho batez onartu zuten Udal Gobernuak aurkeztutakoa. Eta hala, konpromosioa berretsi, euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan.
Pegoerari buruzkoan eta zaintza ereduenetan, berriz, bakoitzak bereari eutsi zion. Zaintzari lotutakoan, gainera, azaroaren 30eko greba feminista orokorra EAJk nola landu duen ez dutela ulertzen adierazi zuen EH Bilduko bozeraile Izaro Elorzak. Pentsioei dagokienez, berriz, herriko hainbat pentsiodun ere izan ziren osoko bilkuren aretoan, eta euren idatzia izan zen mozio bidez Udal Gobernuak aurkeztutakoa. Idatzia eztabaidatzea eta onartzea eskertu egin zuten.
Onartutako beste puntuen artean, aho batez onartu zuten Pago Uso elkarteak Orkatzategiko herri mendian ehiza postuak jartzeko egindako eskaera, baita Araozko ostatua ustiatzeko kontratua amaitzeko eskaera eta lizitazio berria abiaraztea ere. Bost urterako esleitu zuen Udalak Araozko ostatua 2022ko uz- tailean, beste bost luzatzeko aukerarekin; urte bereko irailean zabaldu zuten eta lizitazio berria jarriko dute martxan orain. Egungo ustiatzaileak, Itziar Mondragonek dio, bestalde, baldintza hauetan ostatuta ez dela bideragarria. Gaineratu du ilusio handiz hartu zutela Araozko ostatua senarrak eta berak eta proiektuarekin jarraitzeko gogoa duela, baina baldintza hauetan ez dela bideragarria. Baldintzak hobetzen edo laguntzak gehitzen badira, berriz aurkeztuko dela ere gaineratu du, Araotzen pozik dagoela azpimarratuz. Lizitazio berria martxan jarriko du orain Udalak eta asmoa da sei hilabetetan burutzea. Bitartean, baina, ostatua zabalik egongo da.
Azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egin zuten Oñatiko Udal Gobernuak eta langileek, eta hileko azken eguenean egin ordez, egun bat lehenago egin zen azaroko osoko bilkura Oñatin.