Aspanogi elkartearen aldeko kontzertu solidarioa emango du Ganbara Faktoriak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko aza. 15a, 16:35

Kontzertua azaroaren 25ean izango da, 19:00etan, Agustinoetako elizan. Bertan batutako dirua, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkarteari laguntzeko izango da.

Ganbara Faktoriak, Faktoria Soizala proiektuaren barruan, kontzertu solidarioa eskainiko du datorren azaroaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan Agustinoetako elizan.

Faktoria Soziala proiektua sortu zenetik ikusezinak diren eragileengana iristea izan dute helburuetako bat, eta, bestea gipuzkoako eragile edo fundazio ezberdinei laguntza ematea kontzertu solidario baten bitartez. Horregatik Fair Saturday fundazioaren bitartez, Aspangoi-ren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkartea errealitatea zein den gogora ekartzea erabaki dute, eta kontzertuan batutako dirua Aspanogirentzat bideratu. "Kantu eskolan haurrak ditugu, eta aspanogik lantzen duen proiektua ere oso garrantzitsua da guretzat, berau gure baloreetan lantzea nahi dugulako gaztetxoenekin. Askotan entzun izan dugu Aspanogi, baina zer den erakutsi nahi dugu eta euren errealitatea ere zein den ezagutu" dio Aitor Biain Ganbara Abesbatzako zuzendariak.

Aspanogik 25 urte

Kasualiatea edo ez, Aspanogi elkarteak 25 urte betetzen ditu aurten, eta, kontzertuaren egun berean Donostiako Kursalean egingo dute ekitaldi nagusia. Ez dira agustinoetan izango, baina elkartetik eskertuta agertu dira ganbara faktoriak emango dien laguntzagatik: "Gipuzkoako herria oso solidarioa da eta elkartetik eskertuta gaude. Beraiek diote ale txiki bat dela, baina guretzat ale haundi bat da, proiektuak aurrera eraman eta sentsibilizazioa lantzen laguntzen digulako" adierazi du Nekane Lekuona Aspanogiko gizarte langileak.

Gaur egun, 250 familiek osatzen dute Aspanogi elkartea eta egoera "osasuntsuan" dagoela aitortu du Lekuonak. Urteetan izandako bilakaera onari esker, gaur egun, zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, besteak beste, arreta soziala, psikologikoa edo sentsibilizazio ekitaldiak. Dena dela etorkizunera begira erronkak dituztela azpimarratu du. "Aspanogiko familia gehienak ospitalean ezagutu dira eta gure helburua hauek ondo pasatzea da eta harremanak ospitaletik kanpo sendotzea. Baina zoritxarrez tabuek hor jarraitzen dute, minbizia gaixotasuna larria da eta familiek asko sufritzen dute horrekin, eta, hori aldatzea dugu erronka" dio Lekuonak.

Musikaren Koloreak

Etorkizunera begira egin beharreko lan horietan laguntzeko antolatu dute datorren hilaren 25eko kontzertu berezia. Bideo, argazki eta sorpresa ezberdinak izango ditu, dena solidaritatean oinarrituta. "Kontzertu solidarioa eta musika onaz gozatzekoa izatea nahi dugu" adierazi du Biainek. Emanaldian parte hartuko dute, Ganbara Txiki, Hots eta Ganabara abesbatzek, Amaia Zipitria pianojoleak, Cristina Larrañaga baxujoleak eta Iñaki Letamendia perkusio joleak.

Kontzertua Agustinoetan izanik 200 sarrera inguru egongo dira soilik salgai, Txokolateixan eta Udalaren webgunean, 8 euroren truke. Baina beste bi modu egongo dira Aspanogiri diruz laguntzeko. Kontzertuan bertan jarriko dituzten itsulapikoetan donazioa eginez, edo ‘0 aulkia’ izeneko sarrera erosiz. Azken honek ere 8 euro balioko ditu, baina ez da kontzerturako sarrerarik izango, modu solidarioan laguntzeko aukera baita. Aukera hau, gainera, astebetez luzatuko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak