Zaintzako langileendako euskara hiztegia kaleratu dute Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko aza. 7a, 08:52

Zaintzako langileendako euskara hiztegia atera du Oñatiko Udalak. Formatu txikia du; poltsikoan sartzeko modukoa da, erabili behar denean eskura izateko moduan, eta komunikazio esamoldeak zein euren jarduneko egoera konkretuetan erabiltzen dituzten hitzak ditu barruan.

Azkoitiko Udalak egindakotik hartu dute ideia, eta, egokitzapen eta moldaketa lanetan ibilli ondoren,  aurkeztu dute hiztegi txikia: 'Esaiozu euskeraz'. 44 orrialde ditu, eta 21 ataletan banatuta dago: etxeari lotutako hitzak, kalekoak, gorputz atalak, hilabeteen izenak, zenbakiak, koloreak, komunikatzeko esaldi laburrak... Oñatiko euskaran daude idatzita, belarritik sartzen diren moduan. Euskaltegian zaintza arloan dihardutenei zuzendutako euskara ikastaroak egin dira azken urteetan, eta horietan aritu diren hainbat ikaslek horrelako material baten beharra zutela ikusita hasi ziren hiztegitxoa lantzen. Elkarlanean, eurekin batera jaso dituzte hiztegian datozen esaldiak, egoerak eta hitzak.

Mila ale atera dituzte eta zaintza munduan lanean ari direnen artean banatuko dituzte. Herritarrek ere aukera izango dute esku artean izateko. Online kontsulta daiteke udal webgunean eta Durangoko Azokan ere salgai egongo da Badiharduguren postuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak