Oñatiko kaleak bete dituzte, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 31a, 20:24

Ehunka oñatiar batu ditu gaur Genozidioa gelditu, Palestina askatu! lemapean egin duten manifestazioak. Asko izan dira deialdiarekin bat egin duten eragileak, baita norbanakoak ere. Debagoienean bizi diren hainbat palestinar ere han izan dira, tartean, Mustafa Walwil.

Oñatiko plazatik abiatu dute manifestazioa eta, Kale Barritik, Euskadi Etorbidetik, Kale Zaharretik eta Lizaur Kaletik igaro ostean, plazan bertan borobildu dute, "ez da gerra bat, genozidio bat baizik" moduko oihuekin.

Manifestuaren bitartez salatu dutenez, Israelgo estatu sionistak urteak daramatza "palestinar herriaren aurkako zapalkuntza areagotzeko neurriak hartzen eta eraso ankerrak" egiten. "Horregatik, giza eskubideen eta benetako bakearen defentsan, nazioarteak ezinbestean heldu behar dio gatazka honen muinari, legedia betearaziz eta palestinarrei dagokien lurraldea itzuliz. Nazio Batuen Erakundeak, zehazki, 1974an onartu zuen Palestinak independentziarako eta aske izateko eskubidea duela dioen ebazpena, eta ebazpen hartan zehaztu zuen Israelek lapurtutako lurraldeetara itzultzeko eskubidea ere badutela palestinarrek", nabarmendu dute.

Era berean, diote, Mendebaldeko herrialdeek eta nazioarteko erakundeek "beste aldera" begiratzen dutela auzi honetan. "Palestinako lurralde okupatuetan Israelek ezarritako apartheid egoerak eta Gaza urte askoan irteerarik gabeko kartzela erraldoia bihurtu izanak ez du inolako erantzunik izan urte hauetan guztietan. Areago, Israelgo estatua zuritzeko eta normalizatzeko ahalegina etengabea da batean eta bestean".

Hala, adierazi dute "gerra krimen larriak" egiten ari dela Israel, gazatarren aurkako genozidioa iragarrita. "Bi milioi palestinar baino gehiago bonbardatzeko eta Gaza mapatik desagerrarazteko asmoa iragarri dute, hango biztanle guztiak animaliak direla adieraziz".

Horregatik guztiagatik egin dute bat, hain zuzen, Palestinako herriarekin. "Behingoz palestinarren aurkako genozidioa gelditzeko ordua da. Eskubideetan oinarritutako benetako bakea adierazten dute olibondoen adarrek. Olibondoak sendotzeko garaia da, ez olibondoak suntsitzekoa".

Manifestazioari babesa

Atxikimendua erakutsi dute herriko hainbat eragilek: ELA, LAB eta Steilas sindikatuak; EH Bildu; Sortu; STH mugimendu ekologista; Sare Feminista; Bargastak; Ernai; Antixena gazte asanblada; Pentsionisten Duintasuna elkartea; Gure Bazterrak elkartea; Hotz Oñati; Sare; Askapena; IKAMA; eta Txinparta bertso eskola. Horrez gain, deialdiarekin bat egin dute hainbat auzotako jai batzordeek, herriko musika taldeek eta beteranoen futbol taldeak. Are gehiago, baita ehundik gorako herritarrek ere; tartean dira, besteak beste, Mikel Biain alkate ohia, Malen Osa eta Asier Alonso mendi lasterkariak, Felipe Uriarte mendizalea eta Markel Irizar txirrindulari ohia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak