Ogasuneko batzordeburu Xabier Igartuak azaldu zuenez, Lurraldearen egoera ekonomikoa aztertuta, KPIak %3,6ko igoera izan du azken urtean, eta %4ra borobildu dute. Foru Funtsak %3,4ko igoera aurreikusten dela aipatu zuen eta gogoratu iaz %10eko ez-ohiko igoera izan zuela KPIak, eta udal zerga eta tasak orduan ere %4 igo zituztela Oñatin.
Igartuak azaldu zuenez, 2024 eta hurrengo urteetan ere kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitzea da udal gobernuaren asmoa batetik, eta bestetik, egoera zaurgarrian dauden eta behar handiena duten herritarrei zein herriko hainbat elkarteei diru-laguntzak ematen jarraitzea.
Salbuespenak dauden arren, %4ko igoera izango dute, beraz, udal tasek, orokorrean, datorren urtean. Udal Gobernua "pozik". Oposizioa ere konforme, nahiz eta ondo ez iruditu hutsik dauden etxebizitzei jarritako errekargua mantentzea, eta haiek egindako beste ekarpen batzuk gobernuak aintzat hartu ez dituen arren.
Hain zuzen ere, ordenantza fiskalen gaiak hartu zituen minutu gehien atzoko osoko bilkuran, baina izan ziren beste gai batzuk ere. Horien artean datorren urtean, martxoaren 14tik 24ra egingo den Korrikarako diru laguntza. Udalei euskara hutsez jarduteko arauari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren inguruko adierazpen bateratua ere irakurri eta onartu zuten alderdi biek.