'Topagunea' izeneko kontzertu denboraldia aurkeztu du Oñatiko Musika Bandak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 24a, 15:45

Iaz bezala, sei kontzertuz osatutako denboraldia izango da eta eragile ezberdinen parte hartzea izango du. Horretaz gain, ikasturte berriari begira, aurretik martxan zituzten proiektuei jarraipena emateaz gain, berriak ere jarri dituzte abian

Oñatiko Musika Bandak 2023-2024 ikasturteko kontzertuen denboraldi berriaren aukrezpena egin du. Aurten ere sei kontzertuk osatuko dute denboraldia eta ‘Topagunea’ izena jarri diote. Top eta Gune hitzak erabilita, 6 gai ezberdin lantzea izango du helburu denboraldiak. Era beran, publiko desberdinak erakartzeko helburua jarri dute, batez ere, haurrak eta gazteak, etorkizuneko publikoa izango direnak. Gainera, beste urte batez, hainbat eragilek parte hartuko dute denboraldi honetan. "Aurreko urteetan bezala, banda izango da protagonista, baina gurekin batera beste eragile batzuk izango ditugu. Musika Eskolako ikasle gaztetxoak, Oñatiko Banda Gaztea, Camdem Town dantza taldea, Potx eta Lotx pailazoak eta Izaskun, Ganbara Abesbatzako bakarlari batzuk, edo Gimnasia Erritmikoko taldea, lehen aldiz arituko direla" adierazi du Aitor Biain Bidarte Oñatiko Musika Bandako zuzendariak.

Kontzertuen denboraldia datorren azaroaren 19an abiatuko da 'Nobela Gunea' kontzertuarekin. Abenduaren 17an egingo dute urteroko gabonetako kontzertua, denboraldiko zerrendatik kanpo dagoena, eta, urtarrilaren 6an izango da denboraldiko bigarrena, 'Top Zarzulea' hain zuzen. Gainontzeko kontzertuak, 'Dantza Gunea', 'Zirko Gunea', 'Top Kondairak' eta 'Top Williams' izango dira, hilabete bakoitzean bat, maiatza kenduta, baina hauen datak zehazateke daude oraindik. Kontzertuen tokiari dagokionez, guztiak kiroldegiko pilotalekuak egingo dira, azkena izan ezik, eta, sarrera doan izango da, nahiz eta aldez aurretik hartu beharra egongo den.

Honez gain, musika auzotan ekimenarekin ere aurrera jarraituko dute eta erabkitzeke dauden herri barneko bi auzotan ere kontzertua eskainiko dute.

Valentziara elkartrukean

Kontzertuen denboralditik kanpo, ikasturte berriko proiektuen artean dago Valentziako Burjasot herriko bandarekin egingo duten elkartrukea. Biainek aitortu du aukera ezinhobea dela aurrean dutena: "Valentzia banden ondare handiena duen lurraldea da, beraz, gonbidapenak interesa piztu zigun. Horrelako elkartruke batek aukera emango digu, bertara joan, Valentzia ezagutu eta gure musika eurei erakusteko eta alderantziz".

Herriak Herriarentzako Banda proiektua

Beste berrikuntzetako bat etorkizuneko banda bermatuko duen proiektua da. Azken urteetan martxan dihardu proiektu honek, musika eskolarekin elkarlanean bertako kideak erakartzeko edo banda gaztearen sorrera; horren adibide, aurten, Banda Gazteak, gabonetako kontzertua eta pedagogiaz gain, bi kalejiratan parte hartuko duela.

Oraingo honetan ordea, proiektu honekin nagusiagoa den perfila erakartzea nahi dute Oñatiko Musika Bandako kideek, instrumentuak ber-hartzera animatuz edo instrumentu berriak ikastera gonbita eginez. "Beti uste izan da bandan sartzeko txikitatik hasi behar zarela instrumentua jotzen eta guk estereotipo horrekin amaitu nahi dugu. Badago nagusiagoan den perfila, musika instrumentua jotzen dakiena edo ikasi nahi duena, eta, bandan jotzea gustatuko litzaiokeena. Horregatik musika intsrumentua ber-hartu edo hartu, urte batzuk trebatu eta bandan sartzeko bultzatu nahi dugu jendea" dio Biainek.

Instrumentuei bizitza berri bat eman

Esaguratsua den beste proiektu bat 'Eman Beste Bizitza Bat Zure Instrumentuari' ekimena da. Honekin, etxeetan dauden eta erabiltzen ez diren instrumentu zaharraei, erabilpen bat ematea da helburua. Horretarako, instrumentu horiek Oñatiko Musika Bandari emateko aukera egongo da, oinatikomusikabanda@gmail.com helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak