Burrunda Faktoria sortu dute Oñatin eta abendura arteko egitaraua aurkeztu dute

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urr. 21a, 20:01

Burrunda Faktoria Kultur Elkartea aurkeztu dute gaur, zapatua, Oñatiko Antixena Gaztetxean. Talde eratu berriak musikaren alorrean ekarpena egitera datorrela aurreratu du, bestelako kultur proposamenei aterik itxi barik. Abendura bitartean gaztetxean egingo diren kontzertu eta bestelakoen berri eman dute agerraldian.

Aitor Regueiroren eta Maddi Arlanzonen kontzertu banarekin eman dio hasiera denboraldiari Burrunda Faktoria Kultur Elkarteak.

Abendura arteko eskaintzari dagokionean, hauek dira antolatu dituztenak. Kontzertu eta aurkezpenak gaztetxean izango dira.

  • Urriaren 27an (ostirala), 22:00etan, Sukena talde oñatiarraren kontzertua
  • Urriaren 28an (zapatua), 22:00etan, Bayou La Batre + eta Lee-Kore
  • Azaroaren 3an (ostirala), 19:00etan, Jon Urzelai idazlearen "Su festak. Euskal musika jaialdiak XXI. mendean" saiakeraren aurkezpen-ekitaldia
  • Azaroaren 18an (zapatua), 19:00etan, Ramada Inn eta Arima taldeen kontzertuak
  • Azaroaren 26an (domeka), 19:00etan, Arima Soul-en kontzertua
  • Lehen denboraldiari amaiera emateko, abenduaren 16an (zapatua), 19:00etan, Malammär Bartzelonako taldearen eta oraindik zehazteko dagoen talde baten kontzertua.

Talde irekia eta balioetan oinarritua

Burrunda Faktoria talde irekia izango da eta partaideek taldean edo antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. "Jende eta ideia desberdinek aniztasuna sortzen dute, eta aniztasun horretatik, aurkeztu dugun urritik abendurako lehen denboraldiko egitarau honetan askotariko musika estiloak daude", azaldu dute.

Azaldu dute, hainbat balio edo oinarriren gainean lan egingo dutela eta zentzu horretan musika taldeekiko baldintza eta tratu egokia bermatzea, euskara eta emakumeen presentzia nabarmendu dituzte.

Musika eta gehiago

Lehenengo denboraldian musika kontzertuak izango dira kultur talde berriaren ardatz nagusia, baina, ez bakarra, tartean liburu aurkezpen bat egongo baita: Jon Urzelairen Su festak, saiakeraren aurkezpena. Gainera, herrian zehar banatuko den fanzine bat ere sortuko dutela aurreratu dute. Bestalde, ez diote aterik ixten bestelako kultur ekitaldiak ere antolatzeari. "Aipatu dugun moduan, Burrunda zerbait irekia eta dinamikoa izatea nahi dugu, eta bera osatzen duten kideen proposamen eta nahien arabera mugituko da", azaldu dute.

Horrekin batera, gauzak egiten jarraitu ahal izateko finantziazio iturri moduan eta Burrunda herrian zabaltzeko asmoz, kamiseta, garagardo, poltsa eta bonu desberdinak jarriko dituzte eskuragarri.

Bi bonu mota

Prezio desberdinak izango dituzten bi bonu mota egongo dira eskuragarri, bata soldatadunentzat eta bestea soldata gabeentzat. Erosten duenak denboraldiko kontzertu guztietarako sarbidea izango du eta, sari gisa, kontzertu baterako sarrera doan aterako zaio. Bonuarekin batera, Burrunda garagardoa izango da opari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak